AEB-KO HAUTESKUNDEAK
Hauek dira estatu giltzarriak AEBko hauteskundeetan
EITB.EUS
Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeetan estatuak dira garrantzitsu, boto-emaileen kopurua baino gehiago, eta bakar batek markatu dezake hautagaietako baten aldeko edo kontrako aldea.
Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeak egiteko 23 egun falta direnean, errepublikanoak eta demokratak, AEBn botoen gehiengoa banatzen duten bi alderdi nagusiak, hauteskunde kanpainaren azken txanpan sartu dira.
Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeetan estatuak dira garrantzitsu, boto-emaileen kopurua baino gehiago, eta bakar batek markatu dezake hautagaietako baten aldeko edo kontrako aldea. Datorren azaroaren 3an, aurreko hauteskundeetan bezala, ikusleek ez dute aukeraketa bakarra ikusiko, 50 baizik; estatu bakoitzeko bat.
Donald Trumpek eta Joe Bidenek, beraz, ez dute herritarren babesik handiena lortu nahi, ahalik eta estatu gehienetan nagusitu baizik.
Estatu horiek oso heterogeneoak izaten dira hainbat alderditan, eta, horren ondorioz, balantzak bataren edo bestearen alde egiten du hauteskundeen aurreko egoeren arabera, baita izandako parte-hartze mailaren arabera ere.
Hori dela eta, AEBko hauteskundeetan, kanpaina ez da boto nazionalean oinarritzen, baizik eta swing states delakoetan, hau da, toki gutxi batzuetan egiten den hautaketan.
Zein dira estatu horiek?
Pennsylvania, Ipar Carolina, Florida, Michigan, Wisconsin eta Arizona jo daitezke AEBko 2020ko Presidentetzarako estatu garrantzitsutzat.
Pennsylvania
Bidenen jaioterria da, 20 hautesle handi ematen ditu, eta industriaren gainbeherak markatuta dago. Duela lau urte, Trump oso gutxigatik nagusitu zen estatu horretan, eta oraingoan landa-eremuko biztanle zurien babesari eustea espero du. Inkesten arabera, ordea, hiri handiek Bidenen alde bozkatuko dute, publizitate baliabide ugari inbertitu baititu.
1992 eta 2016 bitartean, demokratek irabazi zuten Pennsylvanian. Hala ere, 2016ko hauteskundeetan Trumpek Hillary Clinton gainditu zuen ezustean. Trumpen estrategiaren barruan dago herrialde honetan irabaztea.
Ipar Carolina
Historikoki estatu errepublikanoa, Trump, Ipar Carolinan garaitzeko borrokan ari da. Herrialde honetan, boto afroamerikarraren pisua handia da. Ipar Carolinak 15 ordezkari emango ditu hauteskundeetan. Duela lau urte, estatu horrek hiru puntuko aldearekin egin zion mesede egungo presindeteari, baina ikusteko dago berriz ere demokratek irabazten ote duten, lehia bizia da eta.
Florida
29 hauteslerekin, Florida azken hamarkadetako estatu borrokatuenetako bat da, eta bere osaera demografikoa oso konplexua da, Kubako eta Puerto Ricoko immigrazio handia eta jubilatu zurien guneak baititu. Herritar latinoak giltzarri izango dira, inkesten arabera..
Michigan
Historikoki demokrata izan den estatu horrek Trumpen alde egin zuen 2016an, eta 16 hautesle nagusi eman zizkion. Herrialde honetako boto-emaileak kezkatuta daude pandemiaren eragin ekonomikoarekin eta presidenteak arazoari eman dion erantzunarekin. Hala ere, kontserbadoreak erakartzea espero du Trumpek, Gretchen Whitmer gobernadore demokrataren konfinamendu arauak direla eta.
Demokratek zurien, beltzen eta langileen botoak dituzte alde. Azaroaren 3an, lehia handia izango da.
Wisconsin
Hillary Clinton demokratak kanpainarik ez egitea erabaki zuen 2016an, eta horrek bere ondorioa izan zuen. Aurten estrategia aldatu dute eta demokratek Wisconsin nabarmendu nahi izan dute, euren batzar nazionalaren egoitza bihurtuz.
Arizona
Arizona, 11 hautesle handi dituena, errepublikanoen gotorlekua izan da hainbat hamarkadatan, baina bere hautesleak aldatzen ari dira, gero et akomunitate latino handiagoa bizi baita bertan, baita kaliforniar liberal gehiago ere. Boto-emaile kontserbadoreek, bestalde, Trumpek legez kanpoko immigrazioa murrizteko eta Mexikoko mugan harresi bat eraikitzeko Trumpek egindako ahaleginak goraipatu dituzte.
Hauteskundeetarako hilabete baino gutxiago falta da, eta dagoeneko zehazten ari dira zein estatutan izango den hauteskunde borroka gogorra, azaroaren 3ko gaueko irabazlea nor den argituko dutenak.
Aipatu ditugun sei estatu garrantzitsu horietan, Donald Trump presidenteak irabazi zituen hauteskundeak 2016an, baina Joe Biden demokrata da estatu horietako burua.