Itxi

KORONABIRUSA

Von der Leyen: "Egoera oso larria da, erantzuna indartu behar da"

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Europako Batzordetik ohartarazi dutenez, "COVID-19aren egoera oso larria da" eta datu guztien arabera, datozen asteetan birusa Europa osoan hedatuko da.

Ursula Von Der Leyen, Europako Batzordeko presidentea. Artxiboko irudia: EFE

Europar Batasunean (EB) koronabirusaren bigarren olatuaren larritasunaz ohartarazi du asteazken honetan Europako Batzordeak, eta "bizitzak salbatzeko" neurrietan "koordinazioa eta ausardia" eskatu die estatu kideei.

"COVID-19aren egoera oso larria da. Datu guztien arabera, birusak hedapen handia izan du Europa osoan. Bigarren olatuaren barru barruan gaude. Joan den astean soilik, milioi bat infekzio baieztatu ziren. Datozen asteetan kopuru horrek gora egingo du oso azkar ", esan du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak prentsaurrekoan.

Europar Batasunak bere erantzuna "indartu" behar duela gaineratu du EBko presidenteak, eta "estatu kideei elkarlan estuan lan egiteko deia" egin die, "orain hartzen diren neurri ausartek bizitzak salbatzen eta bizirauteko bitartekoak babesten lagunduko dutelako".

COVID-19ko txertoak eta probak, BEZetik salbuetsita

Europako Batzordeak BEZari buruzko Europako arauak aldatzea proposatu du, ospitaleei eta medikuei txertoak eta COVID-19ko probak saltzetik salbuetsita egon daitezen, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) pandemiaren amaiera deklaratu arte.

Ekimena estatu kideek onartu behar dute oraindik, eta Europako Batzordeak lege-aldaketa azkar egiteko eskatu die.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Albisteak (1)