Itxi

Grezia eta Turkia

Gutxienez 20 hildako eta 700dik gora zauritu Egeo itsasoan izan den lurrikaran

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

6,8 graduko lurrikarak Izmir (Turkia) hiriko hainbat eraikin bota ditu, eta tsunami txiki batzuk ere izan dira Turkiako zein Greziako kostaldean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gutxienez hogei pertsona hil eta 700dik gora zauritu dira Turkiako Izmir hirian, Egeo itsasoan izan den lurrikararen ondorioz. Sismoak Greziako irlak ere astindu ditu, AFAD larrialdi zerbitzu turkiarrak jakitera eman duenez.

Ritcher eskalan 6,8 gradura iritsi da lurrikara, eta, esan bezala, Egeo itsasoan izan du epizentroa. 11:51ean (GMT) gertatu den astinaldi handi horrek hainbat eraikin bota ditu Izmirren, Turkiako hirugarren hiri handienean.

AFADek koordinatuta, berehala hasi dituzte erreskate lanak, eta orain arte lau hilotz aurkitu dituzte hondakinen artean, eta ia 800 lagun artatu dituzte, aipatutako erakunde publikoaren arabera.

Pertsona bat hil eta hainbat zauritu dira Samosen (Grezia)

Turkian ez ezik, Grezian ere ondorio larriak eragin ditu ostiral honetan gertatu den lurrikarak. Hain zuzen ere, bi pertsona hil dira bertan. Sei zauritu arin ere artatu dituzte. Gainera, kalte material handiak izan ditu Samos irlak, epizentrotik 13 kilometrora baitago.

Lur mugimenduaren danbatekoak horma bat bota du bi gazteren gainera. Kolpearen ondorioz, bi gazteak hil egin dira.

Haien gurasoek bi nerabeen sakelako telefonoak aurkitu dituzte kalean, eta horri esker jakin dute hondakinen artean harrapatuta zeudela.

Bestalde, tsunami txiki batzuk jazo dira Samosen (baita Turkiako kostaldean ere), eta urak itsas paseoan dauden zenbait saltoki hartu ditu.

Bideoak (1)