Itxi

AEB-ko hauteskundeak

Gakoak, testuingurua eta noiz ezagutuko dira emaitzak

EITB.EUS

Leer en Castellano

Inkestek Biden jotzen dute irabazle, baina demokratak ez dira fio. Duela lau urte ere inkestak Hillary Clintonen aldekoak ziren eta ezustean Donald Trump Etxe Zurira iritsi zen.

Boto-emaile bat aurretiazko botoa ematen Maryland estatuan. Argazkia: EFE

Ameriketako Estatu Batuetan presidentea aukeratzeko hauteskundeak egingo dituzte astearte honetan, azaroaren 3an. Herrialdean tentsio eta ziurgabetasuna dira nagusi, izan ere, datozen lau urteetan Etxe Zurian nor egongo den erabakiko dute estatubatuarrek. Bi dira hautagaiak eta biak ala biak gizonezkoak: batetik, Donald Trump egungo presidente eta Alderdi errepublikanoaren hautagaia, eta, bestetik, Joe Biden hautagai demokrata. Inkestek Biden jotzen dute irabazle, baina duela lau urte ere Hillary Clintonen aldekoak ziren eta ezustekoa gertatu zen.

COVID-19aren kudeaketa, arrazakeria eta Poliziaren indarkeria izan dira kanpainako gai nagusiak. Poliziak George Floyd, Jakob Blake eta Breonna Taylor hil ostean, arrazakeriaren gaia pil-pilean dago berriro ere.

Posta bidezko botoan inoizko eskaerarik handiena egon da eta, hauteskunde eguna baino lehen 100 milioi herritarrek eman dute dagoeneko aurretiazko botoa. Oraindik hauteskunde eguna falta dela kontuan izanda, parte-hartze handia espero da. CNN telebista kate estatubatuarraren arabera, 92 milioi estatubatuarrek eman dute botoa dagoeneko, hau da, 2016ko hauteskundeetan botoa eman zutenen hirutik bik baino gehiagok. Beste era batera esanda, erregistratuta dauden boto-emaileen % 43k eman dute botoa. Texasen, esaterako, aurreko bozetan baino jende gehiagok parte hartu du dagoeneko.

Aurten posta bidez emandako boto kopuru handia denez eta Pennsylvania eta Michigan bezalako estatu giltzarriek boto horiek kontatzen hauteskunde egunera arte hasi ezin dutenez, emaitzen iragarpena atzeratu egingo dela aurreikusten da.

Joe Bidenek garaipena lortuz gero, ikusteke dago Trumpek porrota onartuko lukeen. Testuinguru horretan, magnatearen jarraitzaileen erantzun bortitzaren beldur dira asko eta asko.

Ameriketako Estatu Batuetako burua aukeratuko badute ere, hautaketak munduko gainerako herrialdeei ere eragingo die.

PROFILA: Donald Trump

PROFILA: Joe Biden

Zer bozkatuko dute estatubatuarrek hauteskundeetan?

Presidenteaz gain, AEBko boto-emaileek Ordezkarien Ganberaren eta Senatuaren zati handi bat eta hamar gobernadore hautatuko dituzte.

Ordezkarien Ganbera: Azaroaren 3an, Ordezkarien Ganberako 435 kideak hautatuko dira. Bi urtetik behin aukeratzen dira. 2018ko hauteskundeetan, Alderdi Demokratak irabazi zituen hauteskundeak, 232 ordezkari eskuratuta. Alderdi Errepublikanoak, berriz, 197 lortu zituen.

Senatua: Goi Ganberako ordezkarien herena bi urtetik behin hautatzen da. Bi senatari aukeratzen dira estatu bakoitzeko. Azaroaren 3an, 33 senatari hautatuko dituzte. Gaur egun, errepublikanoek dute gehiengoa: 53 eserleku errepublikano eta 47 demokrata daude.

Gobernadoreak: Egun berean, 11 estatutako gobernadoreak ere hautatuko dituzte. Gaur egun, 50 gobernadoreetako 26 errepublikanoak dira, eta 24, berriz, demokratak.

Herri-ekimenak: Hauteskunde hauetan hainbat herri-ekimen ere bozkatuko dituzte estatu batzuetan. Hego Dakotako, New Jerseyko, Arizonako eta Montanako boto-emaileek marihuanaren aisialdirako erabilera legeztatuko duten ala ez erabaki beharko dute. Floridan, gutxieneko soldata orduko 10 dolarretik orduko 15 dolarrera igo ala ez egongo da jokoan. Texasen, ostera, Mexikorekin muga egiten duen harresiari babes esplizitua eman nahi dio 4. proposamenak.

Hauteskunde sistema berezia

Estatubatuarrek ez dute presidentea zuzenean hautatuko. Eginkizun hori Hauteskunde Kolegioari dagokio, baita presidenteordea aukeratzea ere. Estatu guztietako 538 ordezkariz osatutako batzordea da. Ordezkari horiek erabakiko dute, boto bidez eta estatubatuar guztien izenean, AEBko presidente berria. Beraz, garaipena lortzeko gutxienez 270 ordezkariren babesa behar da.

Estatu giltzarriak

Estatu gehienek behin eta berriro alderdi berdinaren alde (errepublikanoak ala demokratak) egiten dutenez, azken emaitza estatu jakin batzuetan erabakitzen da, hamar bat estatutan, bisagra edo swing states deiturikoetan. Estatu horiek dira orain demokraten alde eta orain errepublikanoen alde bozkatzen dutenak.

Ohio, Pennsylvania, Ipar Carolina, Florida, Michigan, Nevada, Wisconsin eta Arizona jo daitezke AEBko 2020ko hauteskundeetarako estatu garrantzitsutzat.

Biden faborito inkestetan

Boto-asmoari buruzko inkestek Joe Biden jotzen dute irabazle.

Wall Street Journal egunkariaren arabera, abantaila hori estutu egiten da giltzarri diren estatuetan. Hain zuzen ere, hamabi estatutan bi hautagaien arteko aldea sei puntukoa dela diote Bidenen alde.

Bestalde, The New York Times egunkariak argitaratutako inkesta baten arabera, 2016ko hauteskundeetan Donald Trumpek Hillary Clinton hautagai demokratari irabazi zion lau estatutan Joe Bidenek aurrea hartu dio. Zehazki, Arizona, Pennsylvania, Wisconsin eta Florida aipatzen ditu. Egunkariaren arabera, hauek dira Bidenen eta Trumpen portzentajeak estatu horietan: Arizonan, % 49 - % 43, Floridan, % 47 - % 44), Pennsylvanian, % 49 - % 43, eta Wisconsinen,  % 52 - % 41.

Noiz jakingo dira emaitzak?

Normalean, estatubatuarrak presidente berriaren izena dakitela oheratzen dira hauteskunde egunean. Oraingo honetan, ordea, kontua ez da dago hain garbi. Pandemiaren ondorioz, posta bidezko botoak asko egin du gora, eta, lehia oso estua bada, baliteke egunak behar izatea emaitza jakiteko, boto horiek guztiak zenbatu beharko liratekeelako.

Inkestek Joe Biden hautagai demokratari abantaila txiki bat ematen dioten arren, estatu batzuetan oso emaitza estua espero da. Floridan, esaterako, berdinketa teknikoa espero da, eta, beraz, baliteke azken botoa zenbatu arte itxaron behar izatea.

Bestalde, Trump presidenteak, inolako frogarik gabe, hauteskunde iruzurra salatu du, eta Bidenek garaipena lortuz gero, oso litekeena da emaitzak zalantzan jartzea eta ez onartzea.

Hauteskunde osteko istiluak

AEBko hauteskundeetan, arrazaren gaiak garrantzia izango du, baita COVID-19aren pandemiak agerian utzi duen gizarte ezberdintasunak ere. Bi ikuspegi politiko daude aurrez aurre. 

Gauzak horrela, agintariek ohartarazi dute segurtasun neurriak areagotuko dituztela hauteskunde egunari begira.

Adibidez, Manhattango dendak eta eraikin ikonikoak, Empire State Building kasu, babestu egin dituzte. Balizko txikizioen eta arpilatzeen beldur dira, maiatzean gertatu bezala. Broadwayn, New Yorkeko 5. etorbidean edo Washingtonen ere denda ugari agertu dira egurrezko oholekin edo panelekin babestuta.