Itxi

AEB-ko hauteskundeak

Hauteskundeak AEBn: Zer gertatuko da orain?

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Lehia estuak, kontaketa motelak eta Trumpen izaerak oso malkartsu egin lezakete Etxe Zuriaren maizterra nor izango den ezagutzeko bidea.

Luze jo lezake Etxe Zuriaren maizterra nor izango den jakiteak. Argazkia: EFE

Hauteskunde guztietan irabazle eta galtzaile bat dago, eta hala izango da AEBko bozetan ere. Dena dela, Etxe Zuriaren hurrengo maizterra, Trump ala Biden, zein izango den jakitea ohi baino gehiago kostako da.

Hauteslekuak itxita eta gutxira agerian geratu da garaile argi bat egotearen aukera ia erabat baztertuta dagoela, eta badirudi emaitzak ezagutzea orduak edota egunak eman ditzakeela.

Biden zen faborito nagusi inkestetan, baina azaroaren 4ko emaitzen arabera, Trumpek ezustea eman lezake, eta lehia espero baino estuagoa izango da. Hala, estatu gako edo giltzarrietan, swing states delakoetan, zer gertatzen den gertutik jarraitu beharko da. Bidenek adierazi duenez, bozak irabazteko "bide onean" doa. Harago joan da Trump, eta hauteskundeetako garailea bera dela aldarrikatu du, hori bai, egondako "iruzurra" salatuko duela ere iragarri du.

Horrez gain, postaz eta aurrez bozkatu duten herritarren kopuru handiak (100 milioi) izango du zeresana emaitzetan. Izan ere, modu horretan bozkatu dutenak demokraten aldekoak direla uste da, eta boto horiek kontatu ostean, emaitzak iraul litezke.

Milioika boto horien arazoa da estatu askotan hauteskundeen egunera arte itxaron behar dela kontatzeko, eta beste estatu batzuetan posta bidezko botoa azaroaren 3a igarota ere onartzen dela. Hala, baliteke goizean gorriz (Trumpen kolorea) margotutako estatu batzuk urdinera (Bidenena) pasatzea boto horiek kontatu ahala.

Egunak igaro daitezke emaitza guztiak lortu arte baldin eta hautagaiek Hauteskunde Kolegioetan garaitzeko beharrezkoa den gehiengoa lortzen ez badute.

Trumpek borroka judiziala abiatuko duen beldur

Hain justu, estatu batzuetan lehia estua egonda (Floridan 2000n gertatu zen legez) eta Trumpek ustezko iruzurrari egindako aipamenak ikusita, litekeena da hautagai errepublikanoak emaitzen kontra egitea. Horrek prozesua are gehiago luzatuko du.

Halaber, AEBko konstituzioak dio presidentearen agintaldia urtarrilaren 20an hasi behar dela, baina hori horrela izateko hainbat pauso eman behar dira. Legearen arabera, abenduaren 8rako estatu guztiek konponduta eduki beharko lituzkete desadostasun guztiak, Hauteskunde Kolegioak abenduaren 14an eman behar baitu bere botoa.

2000. urteko AEBko hauteskunde gaua historikoa luzeena izan zen: 37 egun iraun zuen

2020ko testuinguru honek badu aurrekaririk. Izan ere, duela 20 urteko bozen gaua espero baino gehiago luzatu zen (37 egun), baina orduko hartan Gorena izan zen garailea aldarrikatzeko arduraduna: George W. Bush izendatu zuen presidente, Floridan Al Goreri 537 botoko aldea atera ziola ebatzita. Baina, kasu honetan, zer gertatuko litzateke estaturen batean desadostasunak badaude oraindik?

Iraganean gertatu da estatu batek bi boto ezberdin bidali izana berriro kontatzeko. Halakoetan, botere legegilea alderdi batena eta gobernadorea beste batekoa izan ohi da. Legeak aurreikusten ditu halako dikotomiak, eta Kongresua eta Senatua ados ez jartzekotan, gobernadorearen iritzia gailenduko dela ezartzen du.

Hori horrela, halakorik gertatuko balitz, urtarrilaren 6an egin beharko litzateke kontaketa berri hori, eta Mike Pence presidentorde eta Senatuko presidenteak iragarriko luke ofizialki AEBko presidentea nor den.

Trump: aurretik sumatu ezin den jarrera

AEBko legediak aukera guztiak aurreikusten ditu, baina bada aurretik sumatu ezin daitekeen kontu bat: Donald Trump. Presidentearen izaera ezagututa, baliteke bere porrota ez onartzea eta Bideni lekukoa pasatzeko prest ez egotea.

Maiz galdetu diote Trumpi emaitzak onartuko ote dituen. Abuztuan ohartarazi zuenez, "hauteskunde hauek ez irabazteko modu bakarra iruzurra egotea da".

Hain justu, goizaldean egin dituen adierazpenek — "Hau iruzur bat da AEBko publikoarentzat", esan du—, bazterrak nahastu ditzakete eta indarkeria leherrarazi.

Lau urteotako argazkia errepikatuko litzateke, horrenbestez. Manifestazio jendetsuak izan dira AEBn koronabirusa zalantzan jartzen eta pandemia geldiarazten saiatzeko indarrean sartutako neurri murriztaileen kontra. Black Lives Matter mugimenduak ere kalera eraman ditu bere aldarrikapenak. Horiek aitzakiatzat hartuta, eskuin muturrak indarra hartu du, baita armatutako miliziek ere.

Adituen arabera, emaitza argi bat egon ezean, taldeok kalera aterako dira eta oldarraldi giroa sortuko da.

Dendek erakusleihoak babestu dituzte, istiluen beldur. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

Bada beste aukera bat:Trumpek berriro irabaztea. 2016an ezustean irabazi zuen milioidunak eta Hillary Clintoni lehia irabazi zion, hautagai demokratak boto gehiago lortu bazituen ere.

Albisteak (3)

Informazio gehiago (1)