Itxi

AEB

Trumpek ez du porrota onartu, baina agintaldiaren azken bi hilabeteak ditu aurretik

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Estatu Batuetako presidentea golfean jokatzen ikusi dute. Oraindik ikusteko dago urtarrilaren 20ra arte erabiliko duen estrategia. Bere interes pertsonalak babesten saiatu liteke.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Donald Trump Estatu Batuetako presidentea Sterlingen (Virginia) duen bere golf zelai pribatura itzuli da, eta oraindik ez du azaroaren 3an egindako eta Joe Biden demokratak irabazitako hauteskundeetan jasandako porrota onartu.

Bidenek garaipena ziurtatu ondoren egindako lehen agerralditik ez du ezer esan Trumpek.

Historikoki, behin hedabideek behin betiko emaitza proiektatzen dutenean, zenbait ordura galdu duen hautagaiak irabazi duenari deitu izan dio, zoriontzeko. Oraingoan, Trumpek nabarmendu du hauteskundeak "bukatzetik urrun" daudela, eta borroka legal bat agindu du, hauteskundeetan iruzurra egon dela uste baitu.

Hurrengo bi hilabetean, boterea transferitzeko ekitaldia egiten denera arte, Etxe Zurian jarraituko du Trumpek, botere eta eskumen guztiekin. Bi estrategia izan litzake: hauteskundeetako emaitza aldatzeko borroka eta bere azken asteen kudeaketa.

Lehen estrategiak zalantza asko eragiten ditu, baita bere gertukoenen artean ere, CNNren arabera. Rudy Giuliani bere aholkulariak zenbait hauteslekutan ikuskari errepublikanoei sartzen utzi ez dietela frogatuta dauden kasuak ezagutzen dituela esan du, baina zenbait estatuk, horietako batzuk errepublikanoak, hori gezurtatu dute. Lehen saiakera legalek ez dute eraginik izan.

Gainera, denbora kontra dauka. Estatuen araberako emaitza baieztatuta izan behar da, errekurtso guztiak konponduta, abenduaren 8a baino lehen.

Bigarren estrategia, hau da, agurra eta itxiera, zalantzaz beteta dago, eta presidentearen izaera aldakorrari lotuta dago. Miles Taylor aholkulari ohiak Washington Post egunkarian esan duenez, "hurrengo bi hilabetean berari buruz gehiago ezagutuko dugu azken lau urtean baino".

Trumpek indultuak eman litzake —oso ohikoa da presidente baten azken hilabeteetan—, baina oraingoan helburu berri batekin: bere buruari immunitatea ematea balizko ikerketen aurrean.

Abuztuan trantsizioaren nondik norakoak iragartzen saiatu den talde batek egindako txostenean jaso zuten Trumpek bi helburu izan ditzakeela: bere kontrako probak suntsitzea eta ahalik eta diru gehien irabaztea.

Talde horrek aurreikusten duenaren arabera, adibidez, presidenteak Floridan duen erresidentzia ofizialean gehiagotan egon liteke, horrek dakartzan gastuen bidez bere enpresetara dirua desbideratzeko.

Baina errealistagoa da, esaterako, presidenteak amnistia erabiltzea bere buruaren kontrako dokumentuak ezabatzeagatik inputatuta egon litezkeen aholkulariak babesteko.

Emaitza bera da kasu guztietan: "Epe hau estrategikoki erabiliko du, batez ere, bere burua, bere familia eta bere dirua babesteko", esan du Andre Weissmannek, Trumpen kanpainiari buruzko ikerketa bereziko fiskalak, Washington Post kazetan.

Albisteak (5)

Bideoak (1)