Ameriketako Estatu Batuak
Mark Esper Defentsa idazkaria kargutik kendu du Trumpek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arrazakeria eta indarkeria poliziala salatzeko protestak geldiarazteko militarrak bidaltzearen aurka agertu zen udan Mark Esper. Harrezkero, Trumpen jomugan egon da.
Joe Bidenen aurrean hauteskundeak galdu eta bi egunetara, Donald Trumpek Mark Esper Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa ministroa kargutik kendu du.
"Pozik jakinarazten dizuet Christopher C. Miller Terrorismoaren aurkako Zentro Nazionaleko zuzendari errespetatua izango dela aurrerantzean Defentsako idazkaria", iragarri du agintari estatubatuarrak Twitter sare sozialean idatzi mezu batean.
"Chrisek lan handia egingo du. Mark Esperrek amaitu du bere eginkizuna. Egindako lanagatik eskerrak eman nahi dizkiot", erantsi du.
Mark Esper udatik zegoen Trumpen jomugan. Poliziak George Floyd herritar afro-amerikarra hil ondotik arrazakeria eta poliziaren indarkeria salatzeko protestak jendetsuak eta istiluak izan ziren hainbat hiritan. Manifestazioak geldiarazteko militarrak kalera ateratzea proposatu zuen Trumpek, baina Esper kontra agertu zen.
"Lege betearazteko Armada erabiltzea azken aukera izan behar da, eta premiazko eta muturreko egoera batean izan beharko litzateke. Ez gaude horrelako egoera batean", adierazi zuen orduan Esperrek Pentagonoan egindako agerraldi batean.
Trumpek 2019ko ekainean izendatu zuen Pentagonoko buruzagi.