KORONABIRUSA
COVID-19aren txertoa modu orekatuan banatzeko akordioa lortu dute G20ko estatuek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
28.000 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten dute G20koek, txertoaren banaketa unibertsala bermatzeko.
Munduko 20 ekonomia indartsuenek, G20koek, herrialde txiroenen artean COVID-19aren aurkako txertoa modu orekatan banatzeko konpromisoa hartu dute, Saudi Arabiak antolatuta bi egunez egin duten bilera telematikoan.
Goi-bileraren amaieran adostutako adierazpenaren arabera, G20koek 28.000 milioi euroko inbertsioa egingo dute txertoaren banaketa unibertsala bermatzeko. 28.000 milioi horietatik 4.200 milioi urte honen amaieran jarriko dituzte.
Hala ere, testuak ez du jasotzen nazio behartsuenen egoera arintzeko neurri berririk, hainbat parte-hartzaileren agendako puntu garrantzitsuenetako bat zen arren.
Azken adierazpenean, azken urtean herrialde ahulenekiko neurriak errepikatu baino ez ditu egin G20 taldeak. Esaterako, zorraren ordainketa 2021eko ekainera arte etetea jaso dute, NBEk datorren urtearen amaierara arte luzatzeko eskariari muzin eginda.
Bestalde, garatu gabeko herrialdeen egoera bereziki aztertzea ere eskatu diote Nazioarteko Diru Funtsari.
Koronabirusaren osteko susperraldiak jasangarria izan behar duela ere ondorioztatu dute gobernuburuek. Hala ere, puntu honetan aurreikus zitekeenez, Parisko itunaren aurka gogor egin du Donald Trump AEBko presidenteak.
Azkenik, multilateralismoaren aldeko apustua berretsi dute herrialdeek, hau da, elkarrekintzaren aldeko apustua lehenetsi dute gehienek, protekzionismoa alde batera utzita.