AEB-KO HAUTESKUNDEAK
Trumpek bide eman dio botere aldaketari, baina auzitegietan borrokan jarraituko du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
AEBko presidenteak Biden demokrataren garaipena onartu gabe jarraitzen du, eta hauteskunde iruzurra salatu du, frogarik gabe.
AEBn presidentea aukeratzeko hauteskundeak egin eta hiru astera, oraindik ere presidente den Donald Trumpek bide eman dio boterea eskuz aldatzeko prozesua abiatzeari. Hala ere, Joe Biden demokrataren garaipena onartu gabe segitzen du, eta hauteskunde iruzurra egon dela salatu du beste behin, frogarik gabe. Joe Biden presidente hautatuak, ostera, iragarri du epe laburrean hasiko dituztela bilerak Trumpen administrazioko funtzionarioekin.
Twitterren zabaldutako mezu batean, Trumpek jakinarazi du protokoloak agintzen dituen izapideak egiteko agindu diola bere taldeari. Dena dela, hauteskundeak inpugnatzeko asmoari eusten dio.
Zehazki, "hasierako protokoloen inguruan beharrezkoa dena egitea" gomendatu dio Trumpek Emily Murphy Administraziorako Agentzia Federaleko (GSA) buruzagiari. Hala ere, epaitegietan borrokatzen jarraitzeko "indar handiz" dagoela esan du: "Borrokan jarraituko dugu eta nagusituko garela uste dut".
Aurrez, AEBko Administraziorako Agentzia Federalak (GSA) ofizialki aitortu du Bidenen garaipena, eta baimena eman dio presidente hautatuari botere aldaketa prestatzen hasteko. Aipaturiko erakundeak du eskualdatzearen ardura, eta, ohi bezala, presidente hautatuaren eskura jarri ditu beharrezko baliabideak.
I want to thank Emily Murphy at GSA for her steadfast dedication and loyalty to our Country. She has been harassed, threatened, and abused – and I do not want to see this happen to her, her family, or employees of GSA. Our case STRONGLY continues, we will keep up the good...
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) November 23, 2020
Hori bai, Trumpek ziurtatu du berak bere bideari jarraitu, eta epaitegietako bideari eutsiko diola.
Bitartean, hauteskundeetako botoak zenbatzen jarraitzen dute. Michigan estatuan, esaterako, Biden nagusitu da eta bertan jokoan zeuden 16 ordezkariak eskuratu ditu. Pennsylvanian, berriz, ez da oraindik kontaketa amaitu.
Bestalde, Alderdi Demokratak trantsiziorako izendatu duen buruak astelehen honetan iragarri duenez, "datozen egunetan" hasiko dituzte bilerak Trumpen administrazioko funtzionarioekin.