HERIOTZA
Azken agurraren ostean, Maradona Bella Vista hilerrian hilobiratu dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Beilatokia ia 12 orduz egon da irekita eta milaka argentinar igaro dira. Ixtear zegoenean, ehunka jarraitzaile Etxe Arrosan sartzen saiatu dira segurtasun hesia gaindituta, eta istiluak izan dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Argentinan, bart eman diote azken agurra Diego Armando Maradona futbolari ohiari eta ondoren Buenos Airesetik 40 kilometrora dagoen Bella Vista hilerrian hilobiratu dute. Hobiratu aurretik, milaka argentinar igaro dira Etxe Arrosatik, ia 12 orduz zabalik egon den hil kaperatik.
Maradona Bella Vista hilerrian lurperatu dute, bere gurasoak, Diego Maradona eta Dalma Salvadora Franco, lurperatuta dauden tokian. "Don Diego" eta "Doña Tota" izenez dira ezagunak Argentinan, eta 2015ean eta 2011n hil ziren, hurrenez hurren.
Hogeita hamar pertsona inguruk baino ez dute parte hartu Maradonari azken agurra emateko hilerriko ekitaldian. Bertan, ekitaldi erlijioso bat egin dute, apaiz bat buru zela, eta hilkutxa Argentinako bandera batean bilduta zegoela.
Azken agurra intimoa izan da eta bertan izan dira, besteak beste, Dalma eta Gianinna alabak, Claudia Villafañe emazte ohia eta Guillermo Coppola bere ordezkari izandakoa.
Zeremonia pribatua izan da eta ordubete inguruko iraupena izan du.
Hilerrira iritsi ahal izateko, segizioak 40 kilometro inguruko bidea egin du Etxe Arrosatik.
Hil-kapera Buenos Aireseko Etxe Arrosan jarri dute eta goizean goizetik jendetza pilatu da, munduko jokalaririk onena agurtzeko asmoz.
Maradonaren hil-kutxa Argentinako Gobernuaren egoitzako areto nagusian egon da. Egunean zehar milaka jarraitzaile igaro dira handik, baita kirolari, kulturgile eta politikari asko ere.
Beilatokia ixtear zegoenean, baina, ehunka jarraitzaile segurtasun hesia gaindituta saiatu dira Etxe Arrosan sartzen, Maradona bai ala bai agurtu nahi zutelako, eta Polizia oldartu egin zaie. Buenos Aireseko Gobernuak esan du gutxienez 11 lagun atxilotu dituztela istiluetan parte-hartzea egotzita.
Etxe Arrosatik Bella Vistako hilerriraino 40 kilometro inguru daude. Agintariek publiko egin dute segizioaren ibilbidea, hil-kapera bisitatu gabe geratu diren jarraitzaileek Maradona bide bazterretik agurtzeko aukera izan zezaten. Jendetza bildu da zubietan eta errepide ondoan.
BIDEOA | Milaka jarraitzaile bildu dira Maradona agurtzeko
BIDEOA | Maradonaren hil-kapera ireki dute Etxe Arrosan