KORONABIRUSA
Covid-19aren aurkako neurriak azkarregi malgutzearen arriskuaz ohartarazi du Europak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gabonei begira, ohartarazpena egin die Europako Batzordeak estatu kideei eta herritarrei. Murrizketek "hilabeteetan" iraun beharko dutela nabarmendu du, jendartearen gehiengoari txertoa jarri arte.
Koronabirusaren hedatzea geldiarazteko ezarritako neurri murriztaileak azkarregi malgutzearen arriskuaz ohartarazi die Europako Batzordeak estatu kideei eta herritarrei. Murrizketek "hilabeteetan" iraun beharko dutela nabarmendu du, harik eta jendartearen gehiengoari txertoa jarri arte.
"Koronabirusaren hedatzea kontrolatzeko eta arintzeko neurriek bere horretan jarraitu behar dute datozen hilabeteetan, eta, bereziki, urte amaierako oporretan", adierazi du Stella Kyriakides Europako Osasun komisarioak, Europar Batasuneko (EB) herrialdeetako Osasun ministroekin bideokonferentzia bidez egindako bileran.
Europar Batzordeko osasun arduradunak gaineratu duenez, "gaur egungo egoera serioa, delikatua eta prekarioa da", eta Europako herrialde gehienak kutsatze kurba apaltzen ari diren arren "17 segundotik behin pertsona bat hiltzen da covid-19ak jota Europan".
"Arretarik jartzen ez badugu, elkarri eusten ez badiogu, auto-diziplinarik ez badugu eta goizegi lasaitzen bagara (...) positibo gehiago, ospitaleratze gehiago eta heriotza gehiago izango ditugu. Hau uztailean gertatu zen, eta orain ere horrela da. Hala ere, oraingoan gauzak modu ezberdinean egiteko aukera dugu", gehitu du.
"Ezin dugu onartu Gabonak eta urte amaiera gaitza hedatzeko hitzordu bihurtzea", azpimarratu du Kyriakidesek.
Covid-19aren aurkako txertoaren inguruan galdetuta, ez du lehen dosiak noiz emango diren zehaztu nahi izan. Hala ere, datorren urtearen hasiera aipatu du.
Bestalde, Europako aire nabigaziorako segurtasun agentziak eta Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak Europar Batasunaren baitan bidaiatzen duten herritarrei PCR probarik ez egiteko eta koarentena ez agintzeko eskatu die herrialdeei.