Itxi

Batzorde Nazionala

Hauteskundeak Venezuelan, baina oposizioko buruzagi nagusiek ez dute parte hartuko

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Europar Batasunak eta Amerikako Estatuen Erakundeak ez dituzte hauteskundeak aintzat hartuko. Inkesten arabera, abstentzioa protagonista nagusia izango da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Hauteskunde legegileak izango dira igande honetan, Venezuelan. Hauteskunde Batzorde Nazionalak ziurtatu duenez, makineria prest dago bozak egiteko, nahiz eta koronabirus pandemia izan.

20 milioi herritar baino gehiagok botoa emateko eskubidea dute, eta 277 diputatu aukeratu behar dituzte 14.400 hautagairen artean. Hala ere, oposizioko buruzagi tradizionalek ez dute parte hartuko, hauteskundeetan iruzurra izango dela iritzita.

Nahiz eta oposizioko buruzagi ezagunek parte ez hartu, haien alderdi batzuk lehiatuko dira, hori bai, Justizia Auzitegi Gorenak esku hartu ondoren.

Erakundeetatik kanporatutako militante ohiak alderdietako buruzagi izendatu zituen Gorenak, ordura arte zuzendaritzan izan ziren politikariak baztertuz. Alderdikideek ustelkeria egotzi diete zerrendaburu berri horiei.

Europar Batasunak (EB) eta Amerikako Estatuen Erakundeak ez dituzte hauteskundeak aintzat hartuko. Inkesten arabera, abstentzioa protagonista nagusia izango da.

Bestalde, 1.000 jurista baino gehiagok sinatutako adierazpen bat argitaratu du larunbat honetan World Jurist Association legelarien elkarteak, hauteskundeek “baliozkotzat jotzeko berme nahikorik” ez dutela salatzeko. Elkarteak Washingtonen du egoitza.

Igandean garaipena lortzen dutenek 2021eko urtarrilaren 5etik aurrera hartuko dituzte eserlekuak, Batzar Nazional berria osatzen denean. Nazioartearen aintzatespena lortzeko lehia izango dute ondoren Batzar Nazional berriak eta Juan Guaidoren kontrolpean dagoen Ganberak.

Guaidoren Batzar Nazionalak igandeko hauteskundeak errefusatzeko mozio bat onartu du larunbat honetan, Nicolas Maduro presidentearen Gobernuak Ganbera ordezkatu nahi duela iritzita.

Guaidoren aldeko diputatuek iragarri dutenez, lanean jarraituko dute, nahiz eta Konstituzioak legealdia bost urtera mugatu. Eurena 2016ko urtarrilean hasi zen. 50 bat herrialdek Guaido Venezuelako behin-behineko presidente bezala aitortu zuten.

Bestalde, ofizialismoak kanpaina politiko zabala egin du, elkarretaratze jendetsu ugarirekin. Exekutiboko ordezkariek elkarretaratze horietan parte hartu dute.

Nicolas Maduro Venezuelako agintariak ekitaldi batzuetan parte hartu du, eta kanpainaren azken txanpan, oposizioak irabazten baldin badu Presidentetza lagako lukeela iragarri du, baina litekeena da hori ez gertatzea.

Albisteak (2)

Bideoak (1)