Koronabirusa
Konfinamendua maila gorenera igo dute Europako hainbat herrialdetan
agentziak | erredakzioa
Italiako Gobernua eztabaidatzen ari da herrialde osoan konfinamendua jarri ala ez Gabonetarako.
Europako hainbat herrialde neurri murriztaileagoak iragartzen ari dira azken orduotan covid-19aren pandemiari aurre egiteko, kutsatzeak eta heriotzak hazten ari direlako etengabe.
Erresuma Batuko Gobernuak iragarri du Londresen eta Ingalaterrako beste eremu batzuetan 3. mailara igaroko direla, murrizketa handieneko mailara, koronabirusaren zabalkundeari galga jartzeko asmoz.
Matt Hancock Osasun ministroak Parlamentuan egindako iragarpenaren ondorioz, tabernak eta jatetxeak itxiko dituzte, etxera eramaten dutenen zerbitzua izan ezik, eta etxetik ahal den gutxien ateratzea eta eremu desberdinetako joan-etorriak saihestea eskatu dute.
Gainera, bilkurei dagokienez, etxebizitzetan edo kanpoan bizikideak ez direnekin edo "burbuila" berekoak ez direnekin ez elkartzea eskatu dute (egitekotan, gehienez 6 pertsona).
Araua asteazkenean jarriko da indarrean Londresen, Londres Handi osoan, Essex konderriko hegoaldean eta mendebaldean, eta Hertfordshire konderriko eremu batzuetan.
"Ekinbide hori erabat beharrezkoa da, ez soilik jendea salbu edukitzeko, baizik eta ikusi dugulako garaiz ibiltzeak kalte handiagoa galarazten duela", azaldu du ministroak.
Italia
Gainera, Giuseppe Contiren Italiako Gobernua eztabaidatzen ari da konfinamendua herrialde osora zabaltzea Gabonetan, data horietarako dagoeneko iragarriak zituzten neurri murriztaileak gogortuz eta batzorde zientifikoaren aholkuei jarraituz.
Alemania
Alemaniako Gobernuak eta estatu federatuek asteazkenetik aurrera "konfinamendu gogorra" ezartzea erabaki zuten igandean, koronabirusaren pandemia gelditzeko asmoz.
Herbehereak
Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroak urtarrilaren 19ra arte haurreskolak, eskolak eta institutuak ixtea, eta oinarrizkoa ez den jarduera oro gelditzea agindu du, hau da, martxotik izan duten konfinamendu gogorrena ezarri du.
Nazioari zuzendutako hitzaldi batean, gobernuburuak jakinarazi du Herbehereak "konfinatuta" egongo direla berehala eta bost astez, kutsatzeak eguneko 10.000ra igo ostean.
Kutsatzeak galarazteko tabernak eta jatetxeak itxi eta bi hilabetera, arrakastarik ez duela izan ikusita, Ruttek etxetik ahal duten gutxien ateratzeko eskatu die herritarrei, atzerrira ez joateko, eta etxera gehienez bi pertsona gonbidatzeko, eta Gabonetan, hiru.
Lituania
Ingrida Simonyte Lituaniako lehen ministro berriak iragarri du asteazkenean ia erabateko konfinamendua ezarriko duela herrialde osoan eta herrialde barruko bidaiak debekatuko dituela.
Abenduaren 16tik aurrera, denda gehienak (elikagaienak, farmaziak, albaitarienak, optikak eta ortopediakoak izan ezik) itxi egingo dituzte. Lituaniar guztiei etxetik ez ateratzea aholkatuko diete, oinarrizko erosketetarako ez bada, eta herritik ez ateratzeko, lanera, medikuarenera edo hileta batera joateko ez bada.
Lituanian orain arte 93.101 kasu eta 815 heriotza zenbatu dituzte.
Grezia
Helmuga Grezian duten nazioarteko bidaiari guztiek azken 72 orduetan egindako PCR negatiboa erakutsi beharko dute.
Era berean, urtarrilaren 7ra luzatu dute EBtik kanpoko bidaiarien sarreraren debekua, baina neurri horretatik kanpo daude Singapur, Australia, Japonia, Zeelanda Berria, Ruanda, Hego Korea, Tailandia, Uruguay eta Arabiar Emirerri Batuak. Urtarrilaren 7an amaituko da, printzipioz, duela bost aste ezarritako konfinamendua.
Gainera, gaur neurriak lasaitu dituzte, liburutegien eta ileapaindegien irekierarekin, baina hitzordua eskatu beharko da eta gehienez pertsona bat egongo da metro koadroko.