Brexit-a
Europar Batasunak eta Erresuma Batuak 'brexit'ari buruzko akordioa egin dute
Agentziak | EITB Media
Urtarrilaren 1etik aurrera bi aldeen arteko harremana zein izango den adostu dute. Europako agintariek lasaitua hartu dute azken orduan iritsi den itunarekin.
Europar Batasunak (EB) eta Erresuma Batuak brexit-a gauzatu osteko harremanari buruzko akordioa lortu dute ostegun honetan, ezarritako epea bete baino zazpi egun lehenago, EBko iturriek jakitera eman dutenez.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak iragarri du "bidezkoa eta orekatua" dela brexit-aren inguruan adostutako akordioa, eta horri esker "afera hori atzean utzi" ahal izango dutela.
"Azkenean lortu dugu, eta Europar Batasunari aurrera egiten utziko dio horrek", esan du Von der Leyenek akordioa iragarri duenean. Esan bezala, urtarrilaren 1etik aurrera egongo da indarrean ituna.
Ildo horretan, Europako Batzordeko presidenteak onartu du "bide luzea eta iluna" izan dela, baina beharrezkoa zela akordio horren alde borrokatzea.
"Europarren interesak babestuko ditu, eta akordioak, hala uste dut, Erresuma Batuaren interesaren alde egingo du", esan du Europako Batzordeko presidenteak, eta ituna "abiapuntu berri bat lagun batekin denbora luzerako" dela adierazi du.
Von der Leyenen arabera, akordioak merkatuko lehiak "justua" izaten jarraituko duela bermatuko du, eta Europar Batasuneko estandarrak errespetatuko direla, akordioak merkataritzan "eragina izanez gero erreakzionatzeko tresna eraginkorrak" biltzen dituelako.
"Erresuma Batuarekin elkarlanean jarraituko dugu elkarren intereseko arlo guztietan, hala nola klima aldaketan, energian, segurtasunean eta garraioan. Elkarrekin bananduta baino gehiago lortu dugu", gaineratu du Europako Batzordeko presidenteak.
Michel Barnier eta Ursula von der Leyen. Argazkia: EFE
Negoziazio gau baten ostean, "brexit gogorraren" amildegitik astebetera, eta kala britainiarretako arrantza akordiorako azken oztopo bihurtu ostean, itunak "lau urte eta erdiko erabateko aurresangarritasuna" emango diola Europako flotari esan du Von der Leyenek.
Europar Batasuneko enbaxadoreek bihar, ostirala, aztertuko dute ituna (Michel Barnier negoziatzaile buruak emango die horren berri) eta 2.000 orrialdeko testua hiriburuetara bidaliko dute, egun batean edo bitan balia dezaten.
Horrela, premiazko prozedura bat abiarazi ahal izango da akordioa urtarrilaren 1etik aurrera partzialki aplikatu ahal izateko, Erresuma Batuko Parlamentuak, Europako Ganberak, hogeita zazpi parlamentuek eta eskualdeetako hemiziklo batzuek euren onarpenak eman ditzaten.
Von der Leyenek "aurrera egiteko eta etorkizunera begiratzeko" deia egin du, Erresuma Batua "hirugarren herrialdea" dela iritzita, baina "bazkide fidagarria izaten jarraitzen du", britainiarrak eta Europar Batasunekoak "aspaldiko aliatuak" direlako eta "balio berberak" partekatzen dituztelako. Beraz, "helburu komunak" lortzeko lanean jarraituko dutela adierazi du.
Barnier: "Aldaketa asko egongo dira akordioa gorabehera"
Europako Batzordeko brexitaren negoziatzaile Michel Barnierrek nabarmendu du "lasaitu ederra" hartu duela gaurkoan. Hala eta guztiz ere, argi utzi du neurri berriek aldaketa asko ekarriko dituztela, bai herritarrentzat eta baita enpresentzat ere.
"Tristura ere sentitu dugu", esan du Barnierrek prentsaurrekoan, "hitzartutako akordioaren ondotik Erresuma Batuak ez baititu orain arteko eskubideak eta abantailak izango".
Nolanahi dela, brexitaren negoziatzaileak begi onez jo du bi aldeek sortu duten "elkartasuna", hainbat arlotan oreka ekarriko duela iritzita.
Alderdien arteko elkartea lau zutaberen inguruan eraikiko dutela azaldu du, merkataritza mailako truke asketik hasita, "tarifarik eta kuotarik gabe", baina baldintza berdintasuna bermatzeko "arau berriekin".
Gainera, elkarte "ekonomiko eta sozial" bat egongo dela esan du, aireko eta lurreko ibilgailuen garraioa, energia eta aldaketa klimatikoaren aurkako borroka eta arrantza barne hartuko dituena.
Hirugarren zutabea "herritarren segurtasuna" izango da. Nabarmendu duenez, terrorismoaren eta delituen aurkako borrokak "elkarlan estua eskatzen du", eta, azkenik, "elkarrizketan oinarritutako" gobernantza bermatuko da, nahitaezko ezberdintasunak konpontzeko mekanismoekin eta beharrezkoa denerako zigorrekin.
The deal is done. pic.twitter.com/zzhvxOSeWz
— Boris Johnson (@BorisJohnson) December 24, 2020
Johnson: "Erresuma Batuak bere legeen gaineko kontrola berreskuratu du"
Boris Johnson lehen ministro britainiarrak pozik ospatu du albistea, eta sare sozialetan zabaldutako mezu labur batean, zera aipatu du: "Akordioa lortu dugu". Mezuarekin batera, argazki bat argitaratu du, non irribarretsu azaltzen zen, besoak altxatuta.
Handik gutxira, Downing Streeteko egoitzatik egindako agerraldian, Johnsonek azpimarratu du Erresuma Batuak "bere legeen eta patuaren gaineko kontrola berreskuratu" duela.
Gaur lortutako itunak Erresuma Batuko "lanpostuak babestuko" dituela esan du, eta "kostaldeko estatu independentea, uren erabateko kontrolarekin" izatea ahalbidetuko diola, lehen aldiz 1973tik.
Akordioak "herri honetako jendeak, instintiboki, egingarria zela zekien zerbait lortzen du, baina ezinezkoa zela esan zitzaien. Gure legeen eta patuaren kontrola berreskuratu dugu. Gure erregulazioaren atal bakoitzaren kontrola berreskuratu dugu, osorik eta murrizketarik gabe. Urtarrilaren 1etik, aduana-batasunetik eta merkatu bakarretik kanpo gaude", adierazi du.
Talde komunitarioarekin egindako negoziazioak "basatiak" direla esan arren, Johnsonek akordioa "ona" dela EBrentzat uste du, eta bere herrialdeak sinatutako "merkataritza akordiorik handiena" dela gogorarazi du, 668.000 milioi liberarekin (742.000 milioi euro).
Bere ustez, "Kanadakoaren antzeko akordio oso bat da, enpleguak babestuko dituena, Europar Batasuneko merkatuan muga-zergarik eta kuotarik gabeko produktu britainiarrak saltzea ahalbidetuko duena, eta gure enpresei gure lagun europarrekin negozio gehiago egitea ahalbidetuko diena".
Bere herrialdea Europar Batasuneko legediarekiko eta Europako auzitegiekiko "independentea" izango dela nabarmendu du, bere lege propioak eta estandar berriak bultzatzeko, eta "sektore guztietan berritzeko, biozientziatik finantzetara edo adimen artifizialera".
Johnsonek akordioa ez doala "gustatuko litzaiokeen bezain urrun" onartu du finantza zerbitzuak elkarri emateko atalean, baina, hala ere, datozen urteetan Londresek "inoiz ez bezala aurrera egitea" espero duela gaineratu du.
Desoreken aurrean, muga-zergak
Akordioaren arabera, Bruselak zigorrak ezarri ahal izango dizkio Londresi lan, gizarte, ingurumen eta klima estandarrak jaisteagatik.
Erresuma Batuak gauza bera egin ahal izango du EBrekin estandar laxoagoak onartzen baditu.
Bestalde, Londresek eta Bruselak printzipio komun eta lotesleak adostu dituzte, laguntza bat baimentzeko edo eragozteko orduan jarraitu beharreko Estatuko laguntzen kontrola bermatzeko.
Ildo horretan, printzipio horien aplikazioa bermatzeko mekanismo nazionalak ezarri dituzte, "autoritate independente batentzako paper batekin", EBko iturrien arabera.
Gainera, auzitegiek esku hartuko dute Estatuaren legez kanpoko edozein laguntza berreskuratzeko orduan.
Erresuma Batua eta Europar Batasuna ados ez badaude Estatuaren laguntza bat legezkoa edo legez kanpokoa den erabakitzeko, gatazkak konpontzeko mekanismoak eta neurri autonomoak "azkar" ezartzeko aukera egongo dira.
Helburua Erresuma Batuko eta EBko enpresen arteko bidezko lehia bermatzea da, aldeetako bateko konpainiek ez dezaten beste blokekoak baino baldintza hobeagoetan jardun merkatu bakarrean.
Adostasuna arrantzan
Dena dela, azken egun eta orduetan akordioa lortzeko oztopo nagusia arrantza izan da.
Azkenik, Europako flotak bost urte eta erdiz jarraitu ahal izango du britainiar uretan arrantzatzen, eta ondoren % 25 murriztuko dira egungo arrantza-kuotak.
Akordioak xedapen berriak jasotzen ditu partekatutako arrantza erreserben kudeaketa iraunkorra bermatzeko.
Gainera, itsas baliabideak eta ur horien mende dauden arrantza komunitateen jarduerak babestu behar direla azpimarratu du.
Epe hori amaitzen denean, Erresuma Batuko uretarako sarbidea bi aldeen arteko urteko negoziazioen araberakoa izango da, eta negoziazio horietan erreserba bakoitzerako zenbatekoak finkatuko dira.