EB-Erresuma Batua
Honakoak dira Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko akordioaren gakoak
EITB Media | Agentziak
Honela arautuko dituzte 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera bien arteko harremanak merkataritzan, arrantzan, garraioan, turismoan, segurtasunean eta beste esparru batzuetan.
Europar Batasunak eta Erresuma Batuak sinatu duten 2.000 bat orriko hitzarmenean jasotzen dira klubaren eta 47 urteren ondoren kluba utzi duenaren arteko harreman ekonomikoa eta soziala.
Ez dute soilik ondasunen eta zerbitzuen merkataritza adostu, baita inbertsioa, konpetentzia, Estatuaren diru-laguntzak, gardentasun fiskala, garraioa, energia, arrantza, datuen babesa eta gizarte segurantza ere.
Oraindik akordioa publiko egin ez bada ere, honakoak dira gako nagusiak:
Kuota eta tarifarik ez
Ondasunen eta zerbitzuen truke askea aurreikusten du akordioak, tarifarik (muga-zergarik) eta kuotarik (produktu bakoitzeko gehieneko bolumenik) gabe, gaur egungo arauek dakarten murrizketak baino handiagoak egongo badira ere.
Konpetentzia eta ingurumena
Tirabirak konpontzeko mekanismoa aurreikusten du akordioak, bien arteko bidezko konpetentzia bermatzeko. Horren bitartez, Bruselak muga-zergak jarri ahalko dizkio Londresi ingurumena bezalako zenbait estandar jaisten baditu.
Erresuma Batuak gauza bera egin ahal izango du kontrako egoeran.
Biek hartu dute bidezko konpetentzia baldintzak bermatzeko konpromisoa, ingurumena, aldaketa klimatikoaren kontrako borroka eta karbonoaren prezioak bezalako esparrutan babes maila altuak mantenduz.
Gizarte eta lan eskubideak, gardentasun fiskala eta Estatuaren diru-laguntzak ere aintzat hartu dituzte.
Energiari dagokionez, beste eredu bat proposatzen du akordioak, konpetentzia irekia eta bidezkoa bermatuz, atzerrian energia berriztagarria ekoizteko segurtasun arauekin.
Gobernantza
Enpresei, kontsumitzaileei eta herritarrei segurtasun juridiko altua emateko, gobernantzari buruzko kapitulu batek akordioa nola kontrolatuko den argitzen du.
Elkarketa Batzorde bat ezartzen du, akordioa ondo aplikatuko eta interpretatuko dela ziurtatuko duena.
Arrantza
Erresuma Batuak EBren arrantza politika bateratua utziko du, eta bere kostaldeak modu independentean kudeatuko ditu.
Partekatutako arrain erreserbak modu jasangarrian kudeatzeko arauak ezartzen ditu akordioak. Trantsizioak bost urte eta erdi iraungo du. Tarte horretan, biek ahal izango dute bestearen uretan arrantza egin. Kopurua murrizten joango da.
Itsasoko baliabideak eta arrantza komunitateen aktibitateak zaintzea hitzartu dute, EBk esan duenez.
Trantsizioaren ondoren, urteroko negoziazioetan adostu beharko dute kopurua.
Garraioa
Etengabe eta modu jasangarrian konektatuta egotea aurreikusten du akordioak, airez, errepidez, trenbidez eta itsasoz, baina EBk eskaintzen duenetik behera.
Operadoreen arteko konpetentzia baldintza berdintasunean egiten dela bermatzeko arauak ezartzen ditu, bidaiarien, langileen eta garraioaren eskubideak eta segurtasuna ez kaltetzeko.
Muga
2021eko urtarrilaren 1etik aurrera muga kontrolak izango dira Erresuma Batuaren eta EBren arteko muga. Berazk, Calais edo Dover bezalako merkantzia portuetan ilara luzeak egotea aurreikusten da.
Finantza zerbitzuak
Batek edo besteak konpainia baten inguruan hartzen dituzten erabakien esku geratuko dira finantza zerbitzuak, mugaz bestaldeko merkatuaren arauen arabera.
Herritarrak
Brexitaren aurretik beste aldean bizi zirenek babestuta izango dituzte eskubideak, baita gizarte segurantza ere, 2019ko irteera akordioan jasotzen zen bezala.
Erresuma Batuan lan egiten duten edo bizi diren EBko herritarrei eragingo die horrek, baita EBn dauden britainiarrei ere.
Migrazioa eta mugitzeko askatasuna
Urtarrilaren 1etik aurrera, britainiarrek ezingo dute EBko Estatuetan modu askean mugitu, instalatu, lan egin edo ikasi bertako herritarrek duten eskubide berberekin, eta alderantziz Erresuma Batura doazen europarren kasuan.
Bisitariek pasaportea beharko dute, ezin izango baita nortasun agiri arruntarekin bidaiatu. 90 egunetik gorako egonaldietarako bisa eskatu beharko dute.
Segurtasuna eta terrorismoa
Erresuma Batua ezingo da sartu EBren segurtasunari eta justiziari buruzko datu base berezietan, ez dela egongo Europolen eta Eurojusten, baina datuak eta informazioa modu azkarrean partekatzeko mekanismoak ezarri dira.