Koronabirusa
Pfizer-BioNTechen txertoaren 300 milioi dosi gehiago erosi ditu Europak
E.G. | EITB MEDIA
Hala, aurrez adostutako dosien halako bi izango ditu Europar Batasunak herritarrak txertatzeko. Guztira, 600 milioi dosi izango ditu eskura.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Covid-19ari aurre egiteko Pfizer-BioNTech farmazia enpresek garatutako txertoaren 300 milioi dosi gehiago erosteko akordioa itxi berri du Europako Batzordeak. Hala, aurrez adostutako dosien halako bi izango ditu Europar Batasunak (EB) herritarrak txertatzeko.
"Badakizuenez, BioNTech-PFizer enpresekin 300 milioi dosi eskuratzeko kontratua dugu. Albiste ona da kontratu hori beste 300 milioi dosirekin handitzeko hitzarmena lortu dugula. Hots, aurrez adostutako dosien halako bi izango dugu (600 milioi). Erantsi behar dut dosi guzti horietatik 75 milioi urteko bigarren hiruhilekoan helduko direla", iragarri du Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak prentsaurreko batean.
"Albiste horrek badu abantaila: kontratua itxita dugu, ez dugu negoziazio luzeen beharrik. Txertoa onartuta dago. Onespena emateko prozesua, beraz, eginda dago eta estatu kideek badakite nola kudeatu", azaldu du.
Von der Leyenen hitzetan, iragarpenak "segurtasuna ematen die txertaketa egitasmoei" eta "Europako zein hurbileko herrialdeen txertaketa kanpainentzat bultzada ere bada".
Moderna konpainiaren txertoaren 160 milioi dosi
Europako Batzordearen presidenteak gogorarazi duenez, gainera, Sendagaien Europako Agentziak (EMA) Modernaren txertoa ere baimendu du. Europak txerto horren 160 milioi dosi ditu hitzartuta.
Hala, betiere buruzagi europarrak arabera, bi kontratu horiekin 380 milioi herritar, hots, biztanleria osoaren % 80 txertatzeko moduan izango da Europar Batasuna.
Gaur gaurkoz, txertoa garatzen edo onartuta duten sei konpainiarekin du kontratua Europako Batzordeak: Pfizer-BioNTech, Moderna, CureVac, AstraZeneca-Oxford, Sanofi-GS eta Johnson & Johnson. Guztira, txertoaren 2.300 miloi dosi dira, eta horrekin EBko biztanleriaren halako bi txertatzeko lain edukiko lukete (sobran geratzen zaizkion dosiak hurbileko herrialdeei ematea espero da).
We make sure Europeans have sufficient doses of safe & effective #COVID19 vaccines.
— Ursula von der Leyen (@vonderleyen) January 8, 2021
We now enable EU countries to buy more doses of the 1st vaccine approved in EU.
They can now buy up to 300 million more doses of the #BioNTech/@Pfizer vaccine.https://t.co/vjZd0L17VL