Itxi

Ameriketako Estatu Batuak

Kontua behin betiko itxi dio Twitter sare sozialak Trumpi

E. L. | EiTB Media

Leer en Castellano

Bestalde, Instagramek eta Facebookek debekua gutxienez Trumpen agintaldia bukatu arte luzatu dute. Bera eta bere boto-emaileak “isilaraztea” leporatu dio Trumpek Twitterri.

Kontua behin betiko itxi dio Twitter sare sozialak Trumpi. Argazkia: EFE

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen Twitter kontua behin betiko itxi dute, “indarkeriara bultzatzeko” arriskua dagoela iritzita.

Iragan asteazkenean, Kapitolioaren aurkako erasoan zehar Trumpen txioak ezabatu zituzten arrazoi berdinagatik, eta kontua 12 orduz bertan behera utzi zuten.

Bestalde, Instagramek eta Facebookek debekua gutxienez Trumpen agintaldia bukatu arte luzatu dute.

Presidentetzaren kontu instituzionalaren (@POTUS) bidez erantzun du presidenteak berehala. Bera eta bere boto-emaileak “isilaraztea” leporatu dio Trumpek Twitterri.

Txio horiek ere azkar batean ezabatu ditu plataformak. Ondoren Etxe Zuriko prentsa zerbitzuak argitaratu ditu.

“Adierazpen askatasuna debekatzeko” orduan “urrunago eta urrunago joatea” egotzi dio Trumpek Twitterri.

Plataforma propioa garatzen ari dela eta isilduko ez dutela ziurtatu du presidenteak. Erabiltzaileen edukiarengatik sare sozialak erantzukizun penalik gabe uzten dituen 230 sekzioa indargabetzearen alde mintzatu da agintaria.

Egoera George Orwellek 1984 eleberrian deskribatutako munduarekin alderatu du Donald Trump Junior presidentearen semeak. Diktadura askok Twitter kontuak izatea eta AEBetako presidentearena itxi izana kritikatu du handi-mandiaren semeak.

Sare sozialak agiri batean azaldu duenez, kontu publikoak “ez daude legeen gainetik”. “Aste honetako gertakari lazgarriek” erabakia hartzera eraman dutela erantsi du Twitterrek.

Twitterrek ohartarazi duenez, manifestari armatuak urtarrilaren 17an bigarren eraso bat proposatzen hasi dira beste sare sozial batzuetan.

Powellen eta Flynnen kontuak, bertan behera

Ez diote bakarrik Trumpi kontua itxi, haren inguruko beste pertsona batzuei ere bertan behera utzi dizkiete. Horrela, Sidney Powell abokatuarena eta Michael Flynn Segurtasun Nazionaleko aholkulari ohiarena bertan behera utzi ditu Twitterrek. Powellek hauteskundeetako iruzurraren teoria defendatzen du, eta Flynnek Trumpi gerra-legea ezartzea proposatu zion. AEBetako presidenteak Flynn duela gutxi indultatu zuen.

Trumpen kanpainako kontua ere blokeatu du Twitterrek, ezabatutako mezuak berriz argitaratu ondoren.

Parler, aldi baterako bertan behera

Era berean, Google konpainiak Parler sare sozialaren aplikazioa aldi baterako bertan behera utzi du, edukiak moderatzeko sistema bat ezarri arte. Trumpen jarraitzaileek erabiltzen zuten. Bitartean, 24 orduko epea eman dio Applek aplikazioari, Googlen erabaki bera hartu baino lehen.

Azkenik, beste plataforma batzuek, Redditek edo Discordek esaterako, presidentearen jarraitzaileek erabilitako foroak itxi dituzte.

Albisteak (4)