Itxi

KAPITOLIOA HARTZEKO SAIAKERA

Kapitolioaren erasoagatik ehunka pertsona justiziaren aurrera eramatea espero du AEBk

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Justizia Sailak dagoeneko 70 pertsona baino gehiago salatu ditu formalki, baina salaketak "ehunka" izatea espero du, "hau ikerketa luze baten hasiera besterik ez" baita.

Kapitolioaren aurkako erasoa. Argazkia: EFE

AEBko Justizia Sailak jakitera eman duenez, dagoeneko 70 pertsona baino gehiago akusatu ditu formalki joan den asteazkenean Kapitolioari egindako erasoaren harira, baina salaketak "ehunka" izatea espero du.

Michael Sherwin Columbia Barrutiko bitarteko fiskal federalaren esanetan, "sedizio eta konspirazio karguak aztertzen" ari dira joan den asteazkeneko gertakariak zein larriak izan ziren ikusita; izan ere, bost pertsona hil ziren, polizia bat tartean.

Sherwinen arabera, dagoeneko 170 ikerketa baino gehiago abiatu dituzte "Kapitolio barruan eta kanpoan" egin ziren delituen ustezko arduradunen aurka, eta aztertzen ari diren delitu-egitate eta delituzko jarrerak "benetan harrigarriak" direla gaineratu du.

Ikerketa luzea izango dela iragarri du. "Hau hasiera besterik ez da", zehaztu du; izan ere, kargurik sinpleenak aurkezten hasiko dira, eta, ondoren, salaketa penalen bidez, herrialdeko hainbat lekutako pertsonak atxilotzen saiatuko dira.

Fiskalak azaldu duenez, "Kapitolioan izan ziren ekintza lazgarrienekin zerikusia duten" sedizio eta konspirazio karguak argitzeaz arduratuko den fiskal talde bat osatu dute jada. Gainera, sedizio karguek 20 urteko kartzela zigorra ekar dezaketela azpimarratu du.

"FBIk ez du harririk utziko mugitu gabe"

Bestalde, Steven D’Antuono FBIk Washingtonen duen bulegoko buruaren  hitzetan, FBIk ez du onartuko joan den asteko "basakeria" zigortu gabe geratzerik.

"FBIko gizon- emakumeek ez dute harririk mugitu gabe utziko ikerketa honetan", esan du, eta "sei egunetan 160 kasu baino gehiago ireki dira eta hori icebergaren tontorra baino ez da", gaineratu du.

D 'Antuonoren arabera, FBIk Kapitolioari egindako erasoaren irudiak dituzten 100.000 pieza digital baino gehiago jaso ditu, eta erasotzaileei zuzendu zaie, agintarien aurrean aurkezteko "aukera" dutela esateko.

Halaber, 50.000 dolarreko saria iragarri du erasoaren erantzuleak identifikatzen lagun dezakeen informazioa ematen duenarentzat.

Biltzarkideak bahitu gisa hartzeko balizko plan bati buruz galdetuta, ez du aukera hori baztertu, ezta berretsi ere, eta gertatutakoa "alde guztietatik" aztertzen ari direla gaineratu du.

The Whasington Post egunkariak jakitera eman duenez, erasoa gertatu baino egun bat lehenago FBIren barne txosten batek ohartarazi zuen muturreko talde bat prestatzen ari zela AEBko hiriburuan "gerra" bat abiatzeko eta Kongresuaren aurka egiteko. Informazio hori, baina, ez dator bat D'Antuonoren adierazpenekin; izan ere, ostiralean azaldu zuenaren arabera, FBIk ez zuen "inolako daturik" Trumpen jarraitzaileak, protestez gain, beste ezer prestatzen ari zirela pentsatzeko.

Albisteak (3)