AEB
Madurok Venezuelarekiko politikan zuzenketa sakona egiteko eskatu dio Bideni
EITB MEDIA
Venezuelako presidenteak zorte ona opa dio estatubatuarrari "bere herrialdeko arazoen kudeatzeko" eta "munduko bake politika berri bat" ezartzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak bere herrialdearekiko atzerri politikan zuzenketa sakona egiteko eskatu dio Joe Biden AEBko presidente berriari. Madurok ere zorte ona opa dio presidente berriari etapa berri honetan.
"Gaur, urtarrilak 20, zuzenketa sakona egiteko eskatzen dut, eta Biden presidenteak Latinoamerikako politikarekiko eta Venezuelarekiko politikaren aurrean agintea har dezala eta gizartea demonizatzeari uzteko", adierazi du Madurok.
Venezuelako presidenteak adierazi duenez, hiru aldiz ikusi du Bidenen inaugurazio hitzaldia, eta demokratak "demonizazioak" atzean uzteko egin duen eskaria nabarmendu du.
"Guk gauza bera egin ahalko genuke Venezuelatik. AEBko gobernu berriak iraultza bolivartarra demonizatzeari uzteko eskatu nahi dut (...) eta hainbeste gezur, manipulazio eta gorroto atzean uzteko, Venezuelaren aurkako lau urteko ankerkeriaren ondoren", esan du.
Madurok zorte ona opa dio AEBko presidente berriari "bere herrialdeko gaiak kudeatzeko" eta "munduan bake politika berri bat" ezartzeko, Caracasen eta Washingtonen arteko harremanetan beste ikuspegi bat izango duena, azpimarratu du.
Venezuelako presidentea prest agertu da AEBko Administrazio berriari "eskua luzatzeko", eta, ildo horretan, bi herrialdeen arteko "harremanetan hasiera berria" sortzeko lan egiteko eskatu dio Venezuelako Parlamentuko Kanpo Politikako Batzordeari.
Donald Trumpen porrota
Donald Trumpi dagokionez, politikari errepublikanoak Etxe Zuritik joatea "polita" dela azpimarratu du Madurok Kultura Sari Nazionala banatzeko ekitaldian, eta Trumpen irteera bere porrota eta "Venezuelaren garaipena" dela gaineratu du.
"Egun perfektua da. Donald Trumpen porrotaren, bakardadearen eta erretiroaren aurrean, Venezuelako nortasunaren aniztasun koloretsua erakustea polita da. Venezuelako kultura, nortasuna eta errebeldia gailendu dira", esan du.