Koronabirusa
Koronabirusaren aldaera britainiarrak hilgarriago dirudi, Johnsonen arabera
agentziak | eitb media
"Gainera, azkarrago zabaltzen da", gehitu du. Hala eta guztiz ere, Erresuma Batuan ematen ari den txertoa bi aldaerentzat dela baliagarria azaldu du.
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak iragarri du "frogak" daudela Erresuma Batuan atzemandako koronabirusaren aldaera "hilkortasun maila altuagoarekin lotuta" dagoela pentsatzeko, eta kutsakorragoa ere badela.
Johnsonek prentsaurreko batean azaldu duenez, aldaera berri horren eraginez, Britainia Handiko osasun sistema publikoa (NHS) "presio handipean" dago, baina badirudi Erresuma Batuan ematen ari den txertoa bi aldaerentzat dela baliagarria.
"Gaur jakinarazi digute, azkarrago zabaltzeaz gain, Londresen eta hego-ekialdean atzemandako aldaera berria hilkortasun maila handiagorekin lotuta dagoela agertzen duten frogak daudela", adierazi du lehen ministro britainiarrak.
Bestalde, prentsaurreko berean, Gobernuaren Patrick Vallance aholkulari zientifiko nagusiak esan du aldaera britainiarra jatorrizkoa baino % 30-% 70 kutsakorragoa dela, baina oraindik ez dakitela zergatik.
Hala eta guztiz ere, berretsi du oraindik "zalantza asko" daudela, eta txertoa aldaera berriarekin ere eraginkorra den zantzuak ere badaudela.