KORONABIRUSA
Isralek nazioarteko aireportua itxi du, koronabirus kasuen gorakadaren aurrean
O. A. | EITB MEDIA
Herrialdeak duen nazioarteko aireportu bakarra itxita egongo da urtarrilaren 31ra bitartean.
Israelgo Gobernuak herrialdeko nazioarteko aireportu bakarra itxi du gaurtik urtarrilaren 31ra arte, koronabirus kasuen gorakadaren eta Erresuma Batuko aldaera berriaren ondorioz. Ben Gurion aireportua Tel Aviv hiriaren kanpoaldean dago.
Beraz, gaurtik bertan behera gelditu dira atzerriko hegaldiak, salbuespenak salbuespen. Arrazoi humanitarioengatik bidaiatu ahalko da, baina batzorde berezi batek baimendu beharko du.
"Birusaren mutazioak saihesteko" itxi dugu aire espazioa, gaineratu du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak.
Gaur-gaurkoz, itxialdian daude Israelen, eta, aurreikuspenen arabera, hurrengo astean hasiko dira konfinamendua malgutzen.
Israel eredugarri izaten ari da txertaketari dagokionez, izan ere, biztanleko txerto gehien jarri dituen herrialdea da. Hilabetean bi milioi eta erdi pertsonari baino gehiagori eman diete koronabirusaren aurkako txertoa eta horietako ia milioi batek jaso dute bigarren dosia.
Pandemia hasi zenetik, 595.000 positibo zenbatu dituzte Israelen, bederatzi milioi biztanleko herrialdean.