Koronabirusa
EBk AstraZenecari presioa egiten jarraitzen du, sinatutakoa bete dezan
agentziak | eitb media
Italiako Gobernuak dagoeneko iragarri du auzitegietara eramango duela farmazia enpresa, lehenengo hiruhilekoan 3,4 milioi dosi jasoko dituela aurreikusten baitu, 8 milioi jaso beharrean.
Europar Batasunak (EB) handitu egin du AstraZeneca farmazia enpresarekiko presioa, Europako Batzordearekin sinatutako akordioan baino dosi gutxiago banatuko dituela iragarri baitu. AstraZeneca covid-19aren aurkako txertoa garatzen ari da Oxford Unibertsitatearekin batera.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Pascal Soriot enpresa britainiarraren arduradun nagusiarekin hitz egin du gaur telefonoz, eta "gogorarazi dio EBk dirutza handiak inbertitu dituela konpainian" txertoaren ekoizpena bermatzeko "hain zuzen ere".
Eric Mamer Europako Batzordearen bozeramaileak prentsaurreko batean azaldu duenez, Von der Leyenek AstraZenecari eskatu dio aukera guztiak aztertzeko, kontratuan jasotako epe eta dosi kopuru "zehatzak" betetzeko.
Europako Batzordeak oraindik ez dio oniritzia eman laborategi horren txertoari, eta Europako Sendagaien Agentziak iragarri zuen hilaren 29an egingo duela analisia.
Baina horren aurretik, farmazia enpresak ostiralean iragarri zuen atzerapenak egongo direla Europar Batasunari hitzeman dizkion 400 milioi dosien banaketan.
"Baimena jaso aurretik hasi beharko litzateke konpainia txertoa ekoizten", baimena jaso eta berehala banatzen hasteko, bozeramailearen arabera.
Italiako Gobernuak dagoeneko iragarri du auzitegietara eramango duela farmazia enpresa kontratua urratzeagatik, Pfizerrekin eta BioNTechekin egin duen moduan; horiek ere arazoak izan baitituzte hitzemandako dosiak banatzeko, nahiz eta EBk adierazi duen datorren astean konponduko direla.
Italiak aurreikusi du lehenengo hiruhilekoan 3,4 milioi dosi jasoko dituela, adostutako 8 milioietatik urrun, baina Europako Batzordeak ez du jakinarazi zenbat dosi falta zaizkion edo zergatik dauden atzerapenak.
Stella Kyriakides Europako Osasun komisarioak larunbatean idatzi zion gutuna AstraZenecari "argibideak" eskatzeko hornidura arazoen inguruan, eta kontratuaren "epeak" betetzeak duen garrantzia gogoraraziz.