Itxi

Koronabirusa

Kubak lau txerto proiektu propio martxan ditu, nahiz eta Trumpen politika oztopo izan

E. L. | EiTB Media

Leer en Castellano

Abdala, Mambisa eta Soberana 01 eta 02 dira hautagaiak. Datozen hilabeteetan txerto autoktonoaren 100 milioi dosi ekoizteko asmoa du Karibeko herrialdeak.

Behargin batzuk eraikin bateko fatxadan lanean, Habanan (Kuba). Argazkia: EFE

Abdala txerto hautagaiaren entsegu klinikoaren bigarren fasea martxan jarriko du Kubak otsailaren 1ean, Estatuko komunikabideek ostegunean jakinarazi zutenez. Covid-19aren aurkako lau immunizazio egitasmo ditu Habanak, nahiz eta Trump Administrazioaren politika oztopo izan.

Esan bezala, Kuba beste hiru txerto hautagairekin lanean ari da: Mambisa (CIGB) eta Finlay Institutuko Soberana 01 eta 02, azkena bigarren fasean dago jadanik, eta 01 lehen eta bigarren etapa amaitzen ari da.

Irango Pasteur Institutuarekin akordio sinatu zuen Kubako erakundeak urte hasieran, Soberana 02 txertoaren entsegu klinikoak osatzeko. Faserik aurreratuenean dagoen hautagaia da.

Hala ere, Soberana 02 150.000 pertsonatan probatuko dute Habanan, azken asteetan intzidentzia eta transmisio handiena dituen probintzian.

Karibeko herrialdearen osasun agintariek iragarri dutenez, datozen hilabeteetan txerto autoktonoaren 100 milioi dosi ekoitziko dituzte, uharteko biztanleria osoa (11,2 milioi) immunizatzeko. Honenbestez, hirugarren herrialdeetara esportatzeko asmoa dute.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Kubako txerto politika goraipatu du aste honetan, sare sozialetan:

Abdala

19-80 urte arteko 800 boluntario inguruk ikerketaren bigarren fasean parte hartuko dute, Rafael Suarez Santiagoko Saturnino Lora ospitaleko zuzendariak azaldu duenez. Entsegua bertan egingo dute.

Aldez aurretik, Sendagai, Ekipo eta Dispositibo Medikoen Estatuko Kontrolak eta begirale independenteek bigarren fase hori onartu beharko dute, adituak erantsi duenez. Ingeniaritza eta Bioteknologia Zentroa (CIGB) Abdala garatzen ari da.

Lehen faseko 132 boluntarioek albo-ondorio gutxi izan dituzte, Suarezek adierazi duenez. Muskulu barneko injekzioaren erantzun immunologiko positiboa nabarmendu du zuzendariak.

Larunbatean 910 positibo berri atzeman zituen Kubak, eta otsailaren 6tik aurrera mugetan neurriak zorroztuko dituela iragarri zuen Habanako Gobernuak, hegaldiak murriztuz eta bidaiariei derrigorrezko koarentena ezarriz Estatuko zentroetan eta hoteletan.

Blokeoa

Donald Trumpen aurreko Gobernuaren Kubarekiko politikak "berrikusiko" dituela iragarri du Etxe Zuriak, baina Barack Obamaren garaiko ildoetara itzuliko ote den ez du baieztatu oraingoz Joe Bidenen Administrazioak.

Obama Etxe Zurian zegoela, Washingtonek eta Habanak harreman diplomatikoei heldu zieten berriro, eta aurrekaririk gabeko hurbilketa eman zen bi herrialdeen artean, duela 50 urte baino gehiago AEBek inposatutako blokeoaren ostean. Trumpek, ostera, uhartearen aurkako neurri politikoak eta ekonomikoak hartu zituen.

Miguel Diaz-Canel Kubako presidentea Bidenekin edozein gairen inguruan eztabaidatzeko prest agertu da, baina Fidel Castrok abiatutako "iraultzan atzera pauso txikirik" eman gabe. Azken hamarkadetako blokeo politikak porrot egin duela gaineratu zuen Diaz-Canelek.

Trumpen Administrazioak Kuba terrorismoaren babesle izendatu zuen. Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia erabaki horren aurka azaldu da, eta Joe Biden presidente berriak atzera egitea espero du.

Albisteak (3)