Israel
Israel gerra krimenengatik ikertzea "antisemitismo hutsa" da, Netanyahuren ustez
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
"Eskandalua da Nazioarteko Zigor Auzitegiak gerra krimentzat jotzea juduak gure sorterrian bizitzea", adierazi du Israelgo lehen ministroak.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren iritziz, "antisemitismo hutsa" da Nazioarteko Zigor Auzitegiak, ustezko gerra krimenengatik, herrialde hori ikertzeko erabakia hartzea. Gaza eta Zisjordania aipatzen ditu erabakian, ekialdeko Jerusalem barne.
"Gerra krimen faltsuengatik Israel ikertzea antisemitismo hutsa da", baieztatu du Netanyahuk sare sozialen bidez zabaldutako bideo batean. "Besteak beste, herri juduaren Holokausto nazia saihesteko sortu zen Zigor Auzitegia, eta orain herri juduaren Estatuari eraso egiten ari da", esan du atsekabetuta.
"Eskandalua da Nazioarteko Zigor Auzitegiak gerra krimentzat jotzea juduak gure sorterrian bizitzea", adierazi du Israelgo lehen ministroak.
"Ebazpenean dio Israel demokratikoak gure seme-alabak hiltzen dituzten terroristei aurre egiten dienean, gerra krimena egiten ari garela", arrazoitu du.
Gainera, Nazioarteko Zigor Auzitegiari aurpegiratu dio ez dituela Irango edota Siriako diktadurak ikertu, "nahiz eta egunero basakeriak egiten dituzten" "Gure botere guztiarekin Justiziaren galbideratzeari aurre egingo diogu", azpimarratu du.
Kanpo Arazoetako Ministerioko iturriek, bestalde, aurreratu dute datozen egunetan bilerak egingo dituztela jarraitu beharreko estrategiak zehazteko.
Ostiralean bertan, Palestinak Zigor Auzitegiaren erabakia ospatu zuen, eta larunbatean Hamasek begi onez jo zuen "herri palestinarraren eskubideak bermatzen eta horren askatasuna defendatzen duen edozein erabaki".