Koronabirusa
Italia izango da Sputnik V txerto errusiarra ekoiztuko duen EBko lehen herrialdea
agentziak | eitb media
Ekoizpena uztailean hastea eta urte amaieran 10 milioi dosi eskuratu ahal izatea espero dute.
Italiar-Errusiar Merkataritza Ganberak (CCIR) iragarri du akordioa egin dutela Errusiako Inbertsio Zuzeneko Funtsak (RDIF) eta Adienne Srl enpresak Sputnik V txerto errusiarra Italian ekoizteko. Hori horrela, Italia izango da txerto hori ekoiztuko duen lehenengo herrialdea Europar Batasunean.
Itun horri esker, ekoizpena uztailean hastea eta urte amaieran 10 milioi dosi eskuratu ahal izatea espero dute. Adienne Srl Monza eta Brianza Italia iparraldeko probintzian dago, eta Adienne Pharma & Biotech enpresa suitzarraren parte da.
Bien bitartean, txertoaren sortzaileen eta agintari europarren arteko harremana are gehiago gaiztotu da azken egunotan. Izan ere, astelehen honetan bertan Christa Wirthumer-Hoche Europako Sendagaien Agentziako (EMA) presidenteak barkamena eskatzea exijitu dute, EBko estatu kideei eskatu zielako ez zezatela txerto errusiarra onartu EMAk egin arte.
Hungariak dagoeneko onartu du Sputnik V txertoa, eta herritarrak txertatzen ari da. Txekiar Errepublikak eta Eslovakiak ere eskatu dituzte dosiak, eta jakinarazi dute ez diotela EMAri itxarongo.