Itxi

Latinoamerika

Boliviak Jeanine Añez atxilotu du 'Estatu-kolpe' auziarengatik

EiTB Media | Agentziak

Leer en Castellano

Bere burua Boliviako behin-behineko presidente izendatu zuenari sedizioa, terrorismoa eta konspirazioa egotzi diote.

Bere burua Boliviako behin-behineko presidente izendatu zuen Jeanine Añez atxilotua. Argazkia: EFE

Bere burua Boliviako behin-behineko presidente izendatu zuen Jeanine Añez atxilotu dutela baieztatu du Eduardo Castillo Gobernu ministroak. 'Estatu-kolpe' auziarengatik atxilotu dute. 2019ko hauteskundeen ostean izan zen indarkeriaren jatorria ikertzen ari dira auzian. Hauteskunde iruzurra egotzi zion oposizioak Evo Morales presidente ohiari.

Añez goizaldean atxilotu dute. Poliziak haren etxebizitza inguratu eta miatu zuen ostiralean. Poliziek ez zuten Añez etxean aurkitu.

Bere burua Boliviako behin-behineko presidente izendatu zuenari sedizioa, terrorismoa eta konspirazioa leporatu diote.

Era berean, Rodrigo Guzman Energia ministro ohia Trinidaden, herrialdearen iparraldean, atxilotu dute. "Kale erdian atzeman dute, identifikatu ez diren hiru morroik, ibilgailu batera igo eta eraman dute", azaldu du Dalia Lima haren emazteak.

Fiskaltzak, besteak beste, Alvaro Coimbra Justizia ministro ohia (dagoeneko atxilotua), Arturo Murillo Gobernu ministro ohia (AEBetan ihes eginda), Yerko Nuñez Presidentetza ministro ohia eta Luis Fernando Lopez Defentsa ministro ohia akusatu ditu auzian.

Guztiei terrorismoa, sedizioa eta konspirazioa egotzi diete. 2019ko irailaren 1etik urte bereko abenduaren 31ra bitartean, indarkeria eta matxinadak izan ziren Bolivian, baita sarraskiak ere, Sacaban eta Senkatan. Guztiaren ondorioz, Moralesek garaipenari uko egin zion, eta lehenik Mexikora eta ondoren Argentinara ihes egin behar izan zuen.

Era berean, Palmiro Jarjuri almirantea, Armadako komandante ohia, Jorge Gonzalo Terceros Aireko Indarreko komandante ohia eta Gonzalo Mendieta jenerala atxilotzeko agindua eman dute.

Jorge Elmer Fernandez Aireko Dibisioko jenerala eta Flavio Gustavo Arce San Martin Estatu Nagusiko buruzagi ohia ere akusatu ditu Fiskaltzak. Azkena asteazkenean atxilotu zuten.

Azkenik, ostegunean Vladimir Yuri Calderon Boliviako Poliziaren komandante ohia eta Williams Kaliman Indar Armatuetako buruzagi ohia atxilotzeko agindua eman zuen Fiskaltzak.

Konkretuki, Fiskaltzak aurreko Gobernuaren 13 agintari ohi identifikatu ditu ikerketaren markoan.

Albisteak (3)