Alderdi Komunistaren Kongresua
Raul Castrok Kubako Alderdi Komunistako buru izateari utziko dio
EITB MEDIA | AGENCIAS
Castro pozik agertu da herrialdeko zuzendaritza "prestatutako buruzagi talde bati" utzi diolako, besteak beste, Miguel Diaz-Canel Kubako egungo presidenteari. Bera izan daiteke ordezkatzailea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Raul Castro orain arte Kubako Alderdi Komunistako idazkari nagusi izan denak Habanan egindako VII. Kongresuan iragarri duenez, alderdiko buruzagi izateari utziko dio, hamar urtez agintean egon ostean.
"Niri dagokidanez, Alderdi Komunistako lehen idazkari gisa amaitu dut lana, nire eginbeharrak bete ditudanaren sentsazioarekin eta aberriaren etorkizunean konfiantza osoarekin" esan du. Era beraan, alderdiaren goi-organoetan izateko proposamenik ez duela onartuko ere iragarri du Castrok.
Txostenaren aurkezpenean, azken bost urteetan lortutako aurrerapausoak azpimarratu ditu Castrok, baina irlak dituen arazoak konpontzeko "dinamismo handiagoa" ezarri behar dela onartu du.
"Pozik" agertu da, herrialdearen zuzendaritza "hainbat hamarkadatan zehar prestatutako, eskarmentu handiko eta iraultzaren etikarekin konprometitutako" agintari talde bati "utzi diolako, besteak beste, Miguel Diaz-Canel Kubako egungo presidenteari. Diaz-Canel izan daiteke, hain zuzen ere, bere ordezkaria.
Alderdi Komunistaren VIII. Kongresuan egindako hitzaldian, Estatu Batuekin elkarrizketa "errespetuzkoa" sustatu behar dela berretsi du Castrok, baina argi utzi du horrek ez duela esan nahi Kubak "iraultzaren eta sozialismoaren printzipioei" uko egin behar dienik, ezta subiranotasunari eta independentziari ere.
Gogorarazi duenez, koronabirusaren krisiari aurre egiteaz gain, Etxe Zuriak ezarritako neurrien gogortzeari ere aurre egin behar izan diote, neurri horiek "herrialdea itotzeko eta eztanda soziala eragiteko helburu deklaratua" izan dutela salatuz.
Era berean, "Kubako gizartearen indarra" goraipatu du, uhartearen kanpoaldetik iritsi diren eraso ekonomiko eta mediatikoen aurrean erantzuteko gai izan delako, eta eraso horien artean, Kubako nazioarteko mediku lankidetzaren aurkako kanpaina "immorala" aipatu du.
2008tik 2018ra bitartean Kubako presidente izan zen Raul Castro eta 2011an izendatu zuten alderdiko idazkari nagusi, bere anaia Fidel ordezkatuz.