NASA
Ingenuityk gaur egin dezake lehen hegaldi kontrolatua Marten
EITB MEDIA | AGENTZIAK
NASA baikor dago, eta lehen proba honek arrakasta izango balu, etorkizuneko aire dimentsioko esplorazioei atea irekiko lieke.
NASA espazio agentzia estatubatuarra "baikor" agertu da gaur Ingenuity helikopteroak Marten lehen hegaldi "historikoa" egin dezakeelako; lehen hegaldi kontrolatu eta motorduna beste planeta batean, alegia. Proba horrek etorkizuneko misioetarako bidea irekiko luke, ibilgailu robotiko aurreratuak bereizmen handiko irudiak biltzeko gai izango bailirateke airetik eta roverrek iristeko zailak diren lekuak aztertu ahalko lituzketelako.
Guztia ingeniariek espero bezala ateratzen bada, helikoptero txikia 03:31 baino lehen aireratuko da Ameriketako Estatu Batuetako ekialdeko kostaldeko orduan (09:31 aldera Euskal Herrian).
Hala ere, Marte eta Lurraren artean 278 milioi kilometro inguru daudenez, lehen hegaldiaren irudiak ordu batzuk geroago iritsiko dira NASAra, eta, beraz, zuzeneko emisioa 06:15 aldera hasiko da AEBn (12:15 aldera, Euskal Herrian).
Arazo tekniko baten ondorioz apirilaren 11rako aurreikusita zegoen lehen proba atzeratu egin behar izan zuten, eta tarte horretan aldaketa batzuk egin dituzte. Horien ostean, ingeniariek uste dute "litekeena" dela trantsizioa "hegaldi modura" egitea eta aireratzeko prestatzea denboraren % 85ean. Bestelako arazo batzuk sortuko balira, ba omen dituzte "beste aukera batzuk" ere prestatuta.
Elon Musk SpaceX konpainiako sortzaile eta zuzendari exekutiboak (NASAk akordioa sinatu zuen berarekin 2024an astronautak Ilargira berriz eramateko) segurutzat jo du bere enpresak 2026an gizakien misio tripulatu bat bidali ahalko duela Martera.