Mendebaldeko Sahara
Espainiak Fronte Polisarioko buruzagia ospitaleratu eta Maroko haserretu du
EiTB Media | Agentziak
"Espainiaren jarrera" deitoratu du Rabatek. Gonzalez Laya Atzerri ministroaren hitzetan, Espainiak Bahim Ghali "arrazoi humanitarioengatik soilik" hartu du.
Marokoko Gobernuak "Espainiaren jarrera" deitoratu du gaur, Brahim Ghali Fronte Polisarioko buruzagia hartu eta ospitaleratzeagatik. Mendebaldeko Saharako agintaria osasun arreta jasotzen ari da koronabirusarekin kutsatu ondoren.
"Marokok desengainua hartu du, auzotasun onaren aurkako ekintza delako, herri marokoarrarentzako funtsezko gai bat delako", azaldu du Marokoko Atzerri Ministerioak agiri batean.
Ricardo Diez-Hochleitner Espainiako enbaxadoreak Atzerri Ministerioan bilera izan zuen atzo, Rabaten, "bere Gobernuaren jarreraren inguruko beharrezko azalpenak emateko", dio agiriak.
Iturri berdinak erantsi duenez, Ghali hartzeko erabakiak "onespenik eza" eta "galdera legitimoak" sortzen ditu: "Zergatik Espainiak Ghali ezkutuan eta pasaporte faltsurekin onartu du?".
"Zergatik ez zion Espainiak Marokori abisua eman?; zergatik onartu zuen nortasun faltsuarekin?; zergatik Espainiako Justiziak ez die oraindik erantzun biktimek aurkeztutako salaketei?".
Besteak beste, Kanarietako Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (Acavite) Ghali "hilketengatik berehala atxilotzea" eskatu zuen larunbatean.
Era berean, gobernuz kanpoko beste erakunde bat Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzarekin harremanetan jarri da, Ghali deklaratzera deitzea eskatzeko.
Fronte Polisarioko buruzagiaren aurkako kereila aurkeztu zuen elkarte batek, eta Auzitegi Nazionalak ikerketa abiatu zuen 2021an, Saharan genozidioa, torturak, hilketa eta desagerpenak egotzita, baina sekula ez zuten galdekatu, eta auzia artxibatu zen.
Arancha Gonzalez Laya Espainiako Atzerri ministroak ostiralean argudiatu zuenez, Espainiak Ghali "arrazoi humanitarioengatik soilik" hartu du. Espainia "herrialde arduratsua da betebehar humanitarioekin", gaineratu zuen.