BIOGRAFIA
Beriain eta Fraile, eskarmentu handiko erreportariak herrialde gatazkatsuetan
EITB MEDIA | AGENTZIAK
David Beriainek Sudango, Kongoko edo Libiako gatazken berri eman zuen eta FARC gerrillari edo nazioarteko droga trafikoari buruzko dokumentalak grabatu zituen.
David Beriain kazetari nafarra eta Roberto Fraile kameralari bizkaitarra Burkina Fason hil dituzte, ezkutuko ehizaren inguruko erreportaje bat egiten ari zirenean. Biak ala biak eskarmentu handiko erreportariak ziren gatazka armatuetan.
David Beriain Artaxonan jaio zen 1977an eta Informazio Zientzietako ikasketak burutu zituen Nafarroako Unibertsitatean, 1999an. Rosaura Romero ekoizle venezuelarrarekin zegoen ezkonduta.
Bere ibilbide profesionalean, hainbat herrialde eta gatazka ezagutu zituen: Afganistanen izan zen eta talibanak elkarrizketatu zituen; Sudango, Kongoko eta Libiako gerren berri eman zuen. FARC gerrillari edota narkotrafikoari buruzko dokumentalak grabatu zituen. Eta 93 Metro ekoiztetxearen sortzaileetako bat izan zen.
Hainbat dokumental zuzendu zituen, tartean 'Clandestino', 'El Ejército perdido de la CIA', 'La vida en llamas', 'Amazonas clandestino' edo 'Yasuní, genocidio en la selva'. Halaber, ‘Estrecho’ eta ‘El palmar de Troya’ telesailak ekoitzi zituen.
'Diez días con las FARC' dokumentalagatik Jose Manuel Porquet kazetaritza digitalaren saria eman zioten 2009an, eta Normandian gerrako korrespontsalak aitortzeko egiten den ekitaldian finaleraino iritsi zen. 'El negocio del secuestro en Venezuela' dokumentalagatik Realscreen Awards sarietan izendatuta egon zen, 2019an.
Duela hilabete batzuk, Nafarroako Telebistan ondoko adierazpenak egin zituen Beriainek bere lanaren harira: “Ni ez naiz toki horietara joaten inor baino ausartagoa naizela erakusteko. Alderantziz, ni ez naiz pertsona ausarta, oso beldurtia naiz, baina beldurra beharrezkoa dela uste dut. Gorputzak duen mekanismo bat da, zure buruari hemen egon behar ez zenukeela esateko. Eta gu toki horietara historia bat kontatzeko joaten gara, hori da puntua. Historia kontatzeko ez bada, hobeto da leku horietara ez joatea”.
Bestalde, Roberto Fraile kameralari bizkaitarrak Gaztela eta Leongo Telebistan egiten zuen lan, Salamancan, baina duela aste batzuk Afrikara joan zen, Beriainekin batera, ezkutuko ehizaren inguruko dokumentala grabatzeko.
Fraile Barakaldon jaio zen duela 47 urte, baina 25 urte baino gehiago zeramatzan Salamancan bizitzen. Bi seme-alaba zituen.
Azken urteetan hainbat herrialdeetara bidaiatu zuen, hala nola Brasilera, Kolonbiara edota Afrikara. 2012an, Siriako gerran lanean ari zela, zauritu egin zuten eta Turkiara ebakuatu behar izan zuten.