Itxi

Hauteskundeak Eskozian

Nicola Sturgeonek garaipena lortu eta erreferendum berri bat bilatuko du

EITB Media | Agentziak

Leer en Castellano

Ministro nagusiak iragarri du “Eskoziako herriak bere etorkizunaren inguruan erabakitzeko aukera" izango duela, "covid-19aren krisia igaro ostean”.

Nicola Sturgeon. Argazkia: EFE

Eskoziako eskualde hauteskundeetan Eskoziako Alderdi Nazionalaren (NSP) garaipena aldarrikatu du Nicola Sturgeon ministro nagusiak. Gainera, erreferendum berri bat bilatuko duela iragarri du, “covid-19aren krisia igaro ostean”.

Adierazpen formal batean jakitera eman duenez, eta behin-behineko emaitzak ezagutzeke, buruzagi nazionalistak iragarri du gehiengo independentista (bere alderdiak eta berdeek osatutakoa) egongo dela Parlamentuan, eta “Eskoziak bere etorkizunari buruz erabakitzeko” aukera izango duela.

Aurreikuspenek zioten bezala, SPN alderdirik bozkatuena izan da Edinburgoko Parlamenturako hauteskundeetan, baina ez ditu lortu gehiengo osorako behar dituen 65 eserlekuak (Parlamentuak 129 aulki ditu).

Zenbaketa bukatu aurretik, BBCk iragarri zuen SNPk 63 diputatu lortuko zituela, eta berdeen 9ekin batuta, independentziaren aldeko indarrek Gobernua osatzeko eta erreferendum berri bat deitzeko gehiengo argia izango dutela.

Kontserbadoreek bigarren indarra osatuko lukete eta atzetik joango lirateke laboristak eta liberal-demoktratak. Alex Salmond ministro ohia buru duen zatiketa abertzaleak, ostera, ez du eserlekurik lortu.

Londresen erantzuna

Bere aldetik, Boris Johnson kontserbadoreak galdeketarako aukerarik ez dagoela azaldu du. “Egungo testuinguruan erreferendum bat egitea arduragabea eta arriskutsua” dela azaldu zuen gobernuburuak “The Telegraph”en.

Sturgeonek 2023an jarriko luke martxan kontsulta berria, Eskoziak covid-19aren krisia gainditzen duenean, alegia.

Albisteak (2)