Kolonbia
Kolonbiako protestetan desagertutako 168 pertsona bilatzen hasi dira
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Eragile sozialen arabera, apirilaren 28an Ivan Duqueren Gobernuaren aurkako protestak hasi zirenetik 379 lagun desagertu dira.
Kolonbiako protestetan desagertu diren 168 pertsona bilatzen hasteko agindua eman dute gaur herrialde horretako Fiskaltzak. Alabaina, beste 153 salaketa bertan behera utzi dituzte, informazio nahikorik eman ez dela argudiatuta. Erakundeen esanetan, desagertuta egon diren beste 227 lagun topatu dituzte orain arte.
Eragile sozialen arabera, baina, apirilaren 28an Ivan Duqueren Gobernuaren aurkako protestak hasi zirenetik 379 lagun desagertu dira gutxienez.
Datu ofizialak aintzat hartuta, greba orokorra eta manifestazioak abiatu zirenetik, polizia bat eta 26 herritar hil dituzte. Gobernuz kanpoko erakundeek emandako datuen arabera, berriz, poliziak 39 manifestari hil ditu egunotan.
Horrez gain, Fiskaltzak jakinarazi du 32 ikerketa jarri dituela martxan poliziak egindako gehiegikeriekin lotuta.
Bitartean, astelehen honetan mobilizazio jendetsuak izan dira, beste behin, Kolonbiako hiri nagusietan.