Kolonbia
Milaka lagun mobilizatu dira Bogotan, greba nazionalaren hirugarren egunean
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Baldintza sozio-ekonomikoen eta indarkeriaren poliziaren aurkako protestek ez dute etenik. Gobernuaren eta sindikatuen arteko lehen bilera akordiorik gabe amaitu zen astelehenean.
Milaka lagunek manifestazio jendetsua egin dute Bogotako kaleetan barrena, sindikatuek deitutako greba nazionalaren hirugarren egunean.
Azken bi asteetan istilu larriak izan dira polizien eta manifestarien artean, baina gaurkoan "jai-giroan" egin dute mobilizazioa, instrumentu musikalez lagunduta eta, besteak beste, Ivan Duque presidentearen aurkako oihuak eginez.
Mobilizazioak apirilaren 28an hasi ziren, Kolonbiako Gobernuak iragarri zuen zerga erreforma geldiarazteko asmoz, baina orain helburuak orokortu egin dira eta sindikatuen, ikasleen eta gizarte-eragileek, besteak beste, baldintza sozio-ekonomiko hobeak bermatzea eta indarkeria poliziala amaitzea exijitzen dute.
Horren erakusgarri dira osasun, lan edo pentsio sistemak erreformatzeko proiektuen aurka egin diren oihuak eta leloak.
Herritarren presioaren ondotik, Gobernuak zerga erreforma baztertu zuen eta gatazka konpontzeko eta itun bat adosteko elkarrizketa mahai bat sortzea proposatu zuen. Astelehenean egin zuten lehen bilera bi aldeek, baina ez zen akordiorik izan.
Horrez gain, atzo, Duquek iragarri zuen unibertsitate publikoetako eta institutu tekniko eta teknologikoetako ikasleentzat matrikula doakoa izango dela bigarren seihilekoan.