Itxi

KOLONBIA

Nazioarteko Zigor Auzitegian salatu dute Duque, gizateriaren aurkako delituengatik

o.p. | eitb media

Leer en Castellano

Cepeda senatariak eta hainbat GKEk aurkeztutako kereilan hilketa, sexu-indarkeria, tortura eta atxiloketa irregular eta bestelako giza eskubide urraketen 1595 kasu dokumentatu dituzte.

Performance artistikoa Kolonbian, poliziaren indarkeria salatzeko. Argazkia: EFE

Ivan Duque Kolonbiako presidentea Nazioarteko Zigor Auzitegian salatu dute, bai eta Nazio Batuen Erakundean ere, duela bi astetik haren Gobernuaren kudeaketaren harira sortutako protestetan gizateriaren aurkako delituak egitea egotzita.

Ivan Cepeda Polo Demokratikoko senatariak aurkeztu du salaketa, hainbat erakunde sozial, GKE eta Giza Eskubideen alde lan egiten duten erakundeekin batera. Dokumentuak, ehun orrialde baino gehiagotan, giza eskubideak urratu dituzten 1595 gertakariei buruzko dokumentazioa jasotzen du: "24 hilketa kasu eta 50 hilketa saiakera; sexu indarkeriaren 16 biktima; bortxazko desagertzeen 11 biktima; 129 tortura biktima eta atxiloketa irregularraren 1365 biktima", salatu dute.

Kasu horiek, gertakari isolatuak izatetik urrun, "agintariak jarduteko eredu argiak zituztela erakusten" dutela salatu dute, are gehiago, "polizia-agintaritzaren arduradun gorenak krimen horiek gauzatzen ari zirenaren jakitun" zirela.

Cepedak azaldu duenez, nazioarteko instantzietara jotzea erabaki dute Kolonbiak akusazio horiek "ikertzeko borondaterik erakutsi ez" eta, ustez indar publikoen partetik gertatu diren Giza Eskubideen krimenak eta urraketak ez dituztelako salatu.

Era berean, Alvaro Uribe (2002-2010) presidente ohiari egotzi diote protestetan gertatu ziren gizateriaren aurkako krimenen "bultzatzaile nagusietako bat" izatea.

Nazioarteko Justiziaren aurrean Gobernuko beste kargu batzuk egotea ere eskatu dute salatzaileek, besteak beste, Diego Molano Defentsa ministroa, Eduardo Zapateiro jenerala eta Jorge Luis Vargas Poliziaren zuzendaria. Ohar batean adierazi dutenez, "delitu horiek saihesteko edo ustezko erantzuleei benetako zigorrak ezartzeko gaitasuna bazuten arren, ez zuten halakorik egin".

Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiari ere bidali diote idazkia, eta Fatou Bom Bensouda Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal nagusiari eskatu diote Kolonbiara joan dadila, dokumentuan salatzen diren gertakariak egiaztatzeko.

Albisteak (2)