EKIALDE HURBILA
Gazaren aurkako eraso "orokorra" abiatu duela iragarri du Israelek
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Astelehenetik 197 pertsona hil dira Gazan Israelek egindako erasoetan, 58 adin txikiko tartean. Zisjordanian 21 dira hildakoak. Israelen, berriz, 10 pertsona hil dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Israelgo Armadak Gazaren aurkako eraso "orokorra" egiten ari dela iragarri du "Gazako Zerrendako helburu terroristen kontra". Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak su-etena baztertu du: "Erakunde terroristen aurkako gure kanpainak bere indar guztiarekin jarraitzen du".
Igandetik astelehenerako gauerdian ere, erasoek ez dute etenik izan. Bigarren egunez jarraian, Israelek bonbardaketa gogorrak egin ditu.
Armadak zabaldutako informazioaren arabera, Hamas mugimenduko goi-kargudunen etxebizitzei eta lurralde okupatuko tunel sistemei eraso die.
Astelehenetik 197 pertsona hil dira Gazan Israelek egindako erasoetan, 58 adin txikiko eta 34 emakume tartean. Zisjordanian 21 dira hildakoak. Israelen, berriz, 10 pertsona hil dira.
Su-etena lortzeko negoziazioek blokeatuta jarraitzen duten honetan, bonbek Gazako gaua argitu dute berriro. Gazako miliziek, berriz, koheteak jaurti dituzte Israel aldera.
Joe Biden AEBko presidenteak berretsi duenez, palestinarrek eta israeldarrek segurtasun eta babes baldintzetan bizitzea eta askatasunaz, oparotasunaz eta demokraziaz "modu berean" gozatzea merezi dute.