Itxi

EKIALDE HURBILA

Israelen "erasoaldia gelditzeko" esku hartzea eskatu dio Palestinak nazioarteari

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Leer en Castellano

Palestinako lehen ministroak Israelen aurkako zigor neurriak onartzea eskatu dio nazioarteko komunitateari. Iragan astelehenetik 200 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek.

Gizon palestinar bat hildako alaba besoetan duela, Gazan. Argazkia: EFE

Mohamad Shtaye Palestinako lehen ministroak laguntza eskatu dio nazioarteko komunitateari, Israelen "erasoaldia gelditzeko" esku hartu dezan. Iragan astelehenean erasoak gogortu zituenetik Israelek 200 palestinar baino gehiago hil ditu, tartean 58 ume.

Gazako Zerrendan gutxienez 197 dira hildakoak, 58 adin txikiko barne. Gainera, beste 20 palestinar hil dituzte Zisjordanian. Israelen, ostera, 10 pertsona hil dira Gazatik jaurtitako koheteen ondorioz.

Bizi duten egoerari aurre egiteko erabaki bat eskatu dio Palestinako lehen ministroak Nazio Batuen Erakundeari. Izan ere, AEBk betoa jarri dio hainbat herrialdek NBEren Segurtasun Kontseiluan aurkeztutako ebazpenari. Halaber, Israelen aurkako zigor neurriak onartzea eskatu dio nazioarteko komunitateari.

Shtayeren hitzetan, "ez da nahikoa" komunikatuak bidaltzea "krimen horiek salatuz eta gaitzetsiz", eta eskatu du herrialdeek Israelen dituzten enbaxadoreak kontsultara deitzeko "Israelek Gazako Zerrendaren aurka egindako erasoak gaitzesteko".

Era berean, merkataritza akordioak eta laguntza humanitarioa etetea eskatu du, batez ere AEBtik eta Europar Batasunetik, Israelek Palestinako herritarren giza eskubideak errespetatzeko konpromisoa hartzen ez badu.

"Nazioarteko Zuzenbideak zigortzeko moduko krimenik handienetako bat da", salatu du Mohamad Shtayek. "Hau berehala gelditu behar da", azpimarratu du, Nazioarteko Zigor Auzitegiari "prozedurak azkartzeko" eskatu aurretik.

Azkenik, su-etena lortzeko nazioartetik egindako ahaleginei Israelek ez erantzutea salatu du Shtayek. Bestalde, Palestinako Agintaritza NBEren Batzar Nagusira joango da aldeko ebazpen bat lortzeko asmoz.

Albisteak (2)

Bideoak (1)