Errusia-AEB
Putin eta Biden Genevan elkartuko dira, ekainaren 16an
agentziak | eitb media
Mahai gainean dituzten "premiazko" gai guztiak jorratuko dituzte, eta bi herrialdeen arteko harremanen "egonkortasuna" bilatuko dute.
Joe Biden AEBko presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa apirilaren 16an elkartuko dira Genevan, Suitzan, Jen Psaki Etxe Zuriko bozeramaileak jakitera eman duenez.
Ohar batean azaldu duenez, mahai gainean dituzten "premiazko" gai guztiak jorratuko dituzte, eta bi herrialdeen arteko harremanen "egonkortasuna" bilatuko dute.
2018an, Helsinkin, Putin Donald Trump presidente ohiarekin elkartu zenetik, bi herrialdeetako buruzagi nagusiek egingo duten goi mailako lehenengo batzarra izango da.
Bi gobernuek azken asteotan landutako bilera baieztatu du, horrela, Etxe Zuriak. Izan ere, atzo, Jake Sullivan AEBko Segurtasun Nazionaleko aholkularia eta Nikolai Patrushev Errusiakoa Genevan elkartu ziren, eta bi herrialdeen arteko harremanak "normaltzeak" nazioarteari ere mesede egingo diola ondorioztatu omen zuten.
Hainbat arlotan "bientzat onargarriak diren irtenbideak" aurkitzeko aukerak egongo direla espero dute bi aldeek.
Apirilean, Bidenek telefonoz proposatu zion Putini batzarra egitea, eta Kremlinek baietz erantzun zion.
Aurreko astean, berriz, Antony Blinken eta Serguei Lavrov bi herrialdeetako Atzerri gaien arduradunak izan ziren elkartu zirenak, Islandian, goi-bilera prestatzeko.