Itxi

Sahara

Auzitegi Nazionalak aske utzi du Brahim Ghali Fronte Polisarioko buruzagia

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Leer en Castellano

Epaileak ebatzi du ez dagoela inolako zantzurik deliturik egin duela esateko eta, beraz, baztertu egin du behin-behinean espetxeratzeko eskaria. Ghali Logroñoko ospitalean dago covid-19ak jota.

Brahim Ghali Logroñoko erietxean dago ingresatuta. Artxiboko argazkia: EFE

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak atzera bota ditu Brahim Ghali Fronte Polisarioko buruzagiaren aurka eskatutako kautelazko neurriak –behin-behinean espetxeratzea eta pasaportea kentzea-, deliturik egin duela pentsatzeko inolako zantzurik ez dagoela eta ihesean joateko arriskurik ez dagoela ebatzita.

Ghali Logroñoko ospitalean dago apirilaren 18az geroztik, covid-9aren ondorioz osasun arazo larriak dituelako, eta bideo-konferentzia bidez deklaratu du.

Giza eskubideen aurkako delituak egotzita, kereila bana jarri dizkiote Giza Eskubideen Aldeko Elkarte Sahararrak eta Fadel Breica ekintzaileak. Ghalik leporatzen zaizkion delitu guztiak ukatu dituela kontatu du haren abokatu Manuel Olle abokatuak saioa amaitu eta gero.

Hala ere, akusazioek behin-behineko espetxeratzea eta pasaportea kentzea galdegin dute. Fiskaltzak, berriz, telefono zenbaki bat eta helbide bat eskatu ditu, edozein momentutan aurkitzeko moduan egon dadin.  

Kereilak aztertuta, Pedraz epaileak esan du Ghalik ihes egiteko arriskurik ez dagoela, auzia ireki zenetik justiziarekin kolaboratzeko borondatea erakutsi duelako. Ildo horretan, azpimarratu egin du bere osasun egoera larria izan arren ospitaletik deklaratu duela, saioa atzeratzea eskatu beharrean.

Halaber, bere balizko auzipetzea saihesteko frogak manipulatzeko edo suntsitzeko arriskurik ez dagoela esan du, leporatzen zaizkion gertakariak duela hainbat hamarkada jazo zirela kontuan hartuta.

Ez dago bere aurkako frogarik

Bestalde, epaileak nabarmendu du akusazioen txostenetan ez dagoela inolako zantzurik Ghali deliturik egin duela pentsatzeko eta kasu honetan jaso diren lekukoen testigantzak egiaztatzeko frogarik ez dagoela.

Akusazioek delitu larriak leporatzen dizkiote Ghaliri eta ihes egin dezakeela ohartarazten dute, Logroñoko ospitalera ezkutuan eta dokumentu faltsuak erabilita iritsi zela argudiatuta.

Alabaina, Pedrazek argitu du ez dagoela frogarik agiri faltsuak erabili zituela esateko eta Espainian "legez kanpo" sartu zela ziurtatzeko.

Gauzak horrela, baztertu egin du Ghali espetxean sartzea eta hari pasaportea kentzea. Hori bai, telefono zenbaki bat eta helbide bat jakinarazi ditzala eskatu dio, edozein unetan harekin harremanetan jarri ahal izateko.

Arrazoi politikoak salatu ditu defentsak

Bestalde, Ghaliren abokatuak baikor agertu da komunikabideen aurrean, akusazioak oinarririk gabekoak direla azpimarratuta. "Eskatzea libre da, Madrilen orain elurra egitea ere eskatu dezakete", adierazi du.

Agerraldia "oso ondo" joan dela esan du, Ghaliri leporatzen dizkioten gertakariak "erabat faltsuak direla agerian geratu delako".

Auzi honen atzean helburu politikoak ezkutatzen direla salatu du. "Saharar herriaren sinesgarritasunari eta autodeterminazio eskubidea lortzeko borrokari kalte egitea dute helburu", kritikatu du.

"Espainian dagoela aprobetxatuta, trofeo edo ehizaki politiko moduan erabili nahi izan dute", salatu du.

Hortaz, bi salaketak artxibatzea eta prozesu judizialaren gastuak akusazioei ordainaraztea eskatuko duela iragarri du.