Itxi

Magnizidioa

Zer ari da gertatzen Haitin?

I.R. | EITB Media

Leer en Castellano

Karibeko herrialdea oso egoera ezegonkorra bizi duen une batean jazo da magnizidioa. Hauek dira Haitik bizi duen krisia ulertzeko gakoak.

Poliziak presidentearen ustezko lau hiltzaile hil ditu. Argazkia: EFE.

Atzo, asteazkenean, hil zuten ezezagunek Haitiko presidente Jovenel Moise Port-au-Princen zuen bizilekuan. Armatutako ezezagunak bere etxera sartu ziren goizaldean, eta bertan hil zuten tiroz. Halaber, haren emaztea, Martine Moise, zauritu zuten. Poliziak ustezko lau erasotzaile hil zituen gauean, eta beste bi atxilotu dituzte, Frantz Exantus Haitiko Komunikaziorako Estatu idazkariak jakinarazi duenez.

Karibeko herrialdea Ameriketako txiroena da, eta oso egoera oldarkorra bizi duen une batean jazo da presidentearen hilketa. Gogoratu beharra dago herrialdeak ezegonkortasun politiko etengabea bizi izan duela azkeneko urteetan: 20 gobernu izan ditu 35 urtean.

Irailaren 26rako deitutako hauteskundeetarako hilabete bi falta direnean, Moise agintari goren izateko legitimitatea onartzeari utzi zion oposizioak iragan otsailaren 7an. Izan ere, uste dute egun horretan bertan amaitu behar zuela presidente kargua, 5 urteko agintaldia bete ostean. Konstituzioaren 149. artikuluaren arabera, presidentetzek ezin dute muga hori gainditu, eta, beraz, 2015eko hauteskundeetan garaile izan ondoren haren gobernua 2016an hasi zela ulertuta, aurten utzi behar zuen kargua. Hala ere, Moisek argudiatu zuen hauteskunde horiek baliogabetu egin zirela, 2017an izendatu zutela presidente eta, ondorioz, 2022ra arte iraun behar zuela bere agintaritzak.

Bitartean, oposizioko alderdiek, ezkerrekoek bereziki, Moise diktadoretzat hartu dute; 2020ko urtarrilean Parlamentua desegin zuen eta, ordutik, dekretuen bidez gobernatu du herrialdea.

Hauteskundeak eta erreferenduma

Haitik hauteskunde presidentzialak eta legegileak deitu ditu irailaren 26rako, eta Moise ezin zen hautagai izan horietan. Egun horretan bertan, gainera, Moisek bultzatutako Konstituzio berri bat onartzeko erreferenduma egitea aurreikusita dago ere; proposamen horrek presidentearen figura indartzea du xede, baina, Moisek ziurtatu zuen berak ez zuela etekinik aterako, eta bere agintaldia 2022ko otsailaren 7an amaituko zela.

Hala ere, lege berriaren proposamenak ez du oposizioaren oniritzia lortu, eta nazioarteko komunitateak nolabaiteko mesfidantzaz hartu du hori, gardentasun faltagatik eta inklusiboa ez delako.

Ondorengotza, zalantzazkoa

Haitiko legediaren arabera, presidentearen heriotzaren kasuan, Ministroen Kontseiluak du botere exekutiboa presidente berria aukeratu arte. Hala ere, agintearen laugarren urtetik aurrera hiltzen denean, Asanblea Nazionalak bilera bat egin beharko luke hildakoaren agintaldia beteko duen presidente bat aukeratzeko. Baina, 2020ko urtarriletik Parlamentua deseginda dago; 2019rako aurreikusita zeuden hauteskundeak atzeratu egin direlako.

Estatu-kolpe saiakera

Ustelkeria leporatu diote hainbatetan Moiseri, eta, 2018tik, krisi politikoa areagotu egin zen Petrocaribe Venezuelako laguntza programaren funtsen gorabeherak direla eta. Kaos hori urtez urte larriagotzen joan da, arazo ekonomiko eta sozialekin batera. Ondorioz, gero eta egoera politiko oldarkorragoa sortu da herrialdean.

Krisiak okerrera egin zuen otsailaren 7an, oposizioaren arabera Moisek kargua utzi behar zuen egunean. Presidenteak bere aurkariak salatu zituen orduan, egun horretan bertan bera hiltzeko atentatu bat prestatzen ari zirela argudiatuta.

Indar polizialek hainbat pertsona atxilotu zituzten, baina epailearen aginduz aske gelditu ziren.

Albisteak (2)

Bideoak (1)