Itxi

Haití

Haitiko presidentearen hilketaren "egile intelektuala" atxilotu dute

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Leer en Castellano

Duela 20 urtetatik Floridan bizi den mediku haitiarra da atxilo hartu dutena. Jovenel Moise hiltzeko AEBko segurtasun enpresa bat kontratu izana leporatzen diote.

Jovenel Moiseren bizilekuaren sarreran polizia bat. Argazkia: EFE

Haitiko Poliziak Jovenel Moise presidentearen hilketaren egile intelektuala omen dena atxilotu zuen igandean. Atzemandako gizona Christian Emmanuel Sanon da, 63 urteko mediku bat. Haitiarra da, baina duela 20 urtetatik Floridan bizi da.  

Poliziak uste du Ameriketako Estatu Batuetako segurtasun enpresa bat kontratu zuela eta konpainia hori arduratu zela Moise hil zuten mertzenarioak lotzen, Alterpresse agentziak zabaldu duenez.

Poliziaren esanetan, Sanon duela gutxi iritsi zen Haitira hegazkin pribatu batean, "presidentzia bereganatzeko asmoz".

Halaber, hilketaren egile intelektualak guztira hiru lagun izango liratekeela eta Sanon haiekin harremanetan izan zela adierazi dute. Ildo berean, bere etxean hilketa antolatzeko eta burutzeko hainbat objektu topatu dituztela zehaztu dute.  

Bestalde, Moiseren eta haren familiaren segurtasunaz arduratzen ziren buruzagien aurka kautelazko neurriak hartuko dituztela iragarri du agintari judizialek.

 

 

 

 

Albisteak (4)