Koronabirusa
Latinoamerikak covid-19aren kontrako txertoa demokratizatzeko eskatu du
Agentziak| EITB Media
Latinoamerika eta Karibeko Estatuen Komunitateak (CELAC) azpimarratu du, koronabirusaren kontrako immunitatea lortzeko, beharrezkoa dela covid-19aren txertoa era solidarioan banatzea.
Latinoamerika eta Karibeko Estatuen Komunitateak (CELAC) sektore pribatuari, gobernuei eta nazioarteko erakundeei eskatu die ados jarri eta covid-19aren kontrako txertoak demokratizatzeko.
Hala, CELACeko ordezkariek Munduko Osasun Erakundeak (MOE) martxoan argitaratutako oharra gogorarazi dute. Bertan, txertoaren irisgarritasuna eta produkzioa bermatuko duen bide solidarioa sortzea beharrezkoa zela azaldu zuen erakundeak.
'El Universal' egunkari mexikarrak argitaratu duenez, CELACek ezinbesteko jo du txertoaren irisgarritasun "bidezkoa, aproposa eta unibertsala bermatzea, baita diagnostiko ekipoak eta covid-19aren kontrako gailu teknologikoak denen esku egotea ere".
Hala, Latinoamerikako eta Karibeko herrialdeek deia egin diete nazioarteko komunitateari eta farmazia enpresei. Galdegin diete indarrak batu eta mundu osoko herritarrei koronabirusaren kontrako txertoa bermatzeko, "ongizate globala" lortzeko helburuarekin.
CELACen bilera Mexikon
CELACeko ordezkariak larunbatean bildu ziren Mexikon, ideologia kontrastea gainditu eta herrialde aberatsei covid-19aren bidezko banaketa exijitzeko.
32 lurraldeetako ordezkariek txertaketa bermatzeko lanean jarraituko dutela adostu zuten bileran, Mexiko Hiriko Chapultepec gazteluan. Bertan, pandemiari aurre egiteko neurriak izan zituzten mintzagai, herrialdeen arteko ika-mikak alde batera utzita.