Klima aldaketa
Klima aldaketaren aurkako "anbizio" gehiago eskatu die NBEk Parisko Akordioaren sinatzaileei
Agentziak | EITB Media
Mundu osoan jasan berri diren muturreko bero-boladak, lehorteak eta uholdeak "ohartarazpen argia dira; gure egungo ibilbidea aldatzeko askoz gehiago eta askoz azkarrago egin behar delako", deitoratu du.
Patricia Espionsa Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Hitzarmeneko (CMNUCC, gaztelaniazko sigletan) idazkari exekutiboak deitoratu duenez, Parisko Akordioaren sinatzaileen erdiek baino gehixeagok bete dituzte klima aldaketaren aurka ekarpen berriak aurkezteko epeak, "anbizio faltagatik" gainera.
Ostirala izan zen ekarpenak aurkezteko azken eguna, eta idazkaritzak 110 sinatzaileren ekarpen berriak edo eguneratuak jaso zituen (guztira 191 sinatzaile dira). "2020ko abenduaren amaierara arte jasotakoekin alderatuta positiboa da hori, baina oraindik ez da onargarria; izan ere, sinatzaileen erdiak baino zertxobait gehiagok (% 58) besterik ez du epea bete", azaldu du Espinosak.
Testuinguru horretan, herrialdeen plan nazionaletan "anbizio falta" dagoela deitoratu du. "Ahalegin kolektiboak zientziak eskatzen duenaren oso azpitik daude, mendearen amaierarako tenperatura orokorra 2 ºC igotzea saihesteko, eta are gutxiago 1,5 ºC baino gutxiagoko helburua lortzeko", gaineratu du ohar batean.
"Mundu osoan jasan berri diren muturreko bero-boladak, lehorteak eta uholdeak ohartarazpen argia dira; gure egungo ibilbidea aldatzeko askoz gehiago eta askoz azkarrago egin behar delako", deitoratu du.
Planeta, jada, 1,2 ºC inguru berotu da industriaurreko garaiarekin alderatuta. Azaroan ospatuko den Glasgowko COP26 goi-bilera mugarri garrantzitsutzat jotzen da zentzu horretan. Helburua lortzeko, isurketak % 45 murriztu beharko lirateke hamarkada honen amaierarako, 2010eko mailekin alderatuta, Espinosaren arabera.