Itxi

Gatazka

Talibanek Afganistango hiriburu berri bat hartu dute, hamabigarrena astebetean

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Herrialdeko hedabideek azaldu dutenez, Dohan gertatzen ari diren bilerak bakearen aldeko proposamenaren parte dira.

Afganistango segurtasun ofizial bat Kandaharren. Argazkia: EFE

Talibanek Qala-e-Naw, Badghis ipar-mendebaldeko probintziako hiriburua, hartu dute ostegun honetan, eta azken astean matxinoen kontrolpean eroritako hiriburuen kopurua 12ra igo da.

Qala-e-Naw talibanen eskuetan erori da, eta "segurtasun indar gehienak Armadaren egoitza probintzialera erretiratu dira", adierazi du Badghiseko diputatu batek Parlamentuko Behe Ganberan.

Qari Yusuf Ahmadi talibanen bozeramaileak ere matxinoek Qala-e-Naw hartu dutela baieztatu du: "Gobernuaren eraikin guztiak, gobernadorearen etxea eta Poliziaren kuartel nagusia barne, muyahidinek konkistatu dituzte", iragarri du.

Botere-banaketa proposamena

Afganistango Gobernuak botere-banaketa egitea proposatu die talibanei, su-etenaren truke. Herrialdeko hedabideek azaldu dutenez, Dohan gertatzen ari diren bilerak bakearen aldeko proposamenaren parte dira.

"Afganistango Gobernuak boterean parte hartzeko eskumena eskaintzen die talibanei eta erasoen berehalako etetea eskatzen die", adierazi diote iturri ofizialek 1TV hedabide nazionalari.

Hala ere, Najia Anwari Qatarren dagoen Afganistango Negozioaketa Taldearen bozeramaileak argitu egin du hedabideek emandako informazioa ez dela bakearen aldeko plan berria, baizik eta orain dela urte bat sortutako bakearen aldeko ohizko negoziaketen parte direla.

"Orain planteatu den bakearen aldeko egitasmoa bi aldeen arteko botere-banaketa politikorako bakearen bide-orria da. Honako hau, beraz, ez da guztiz berria", azaldu du Najia Anwarik.

Matxinoen ikuspuntutik ere, antzeko jarrera manifestatu dute. Naeem Wardakek, Dohan dagoen talibanen bozeramaileak, eskaintza hori jaso izana ukatu egin du: "Ez da horrelako ezer eskaini".

Albisteak (7)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)