Itxi

Afganistan

Kandahar, Firozkoh, Lashkargah, Logar eta Uruzgan konkistatu ostean, talibanek 17 hiriburu dituzte kontrolpean

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Alemaniak Kabuleko enbaxadan langile "gutxi batzuk" utziko ditu. Danimarkak, aldiz, enbaxada aldi baterako itxi eta bertako behargin guztiak aberriratuko duela esan du. Era berean, Kanadako indar bereziak diplomazialariak ateratzeko prestatzen ari dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Talibanek Kandahar, Firozkoh eta Lashkargah hiri garrantzitsuak kontrolpean hartu dituzte bart. Hala, dagoeneko 17 dira astebetean konkistatu dituzten probintzia-hiriburuak.

Heiko Maas Alemaniako Atzerri ministroak iragarri duenez, Kabuleko enbaxadan langile "gutxi batzuk" utziko dituzte, talibanen erasoaldia ikusita. Danimarkak, aldiz, enbaxada aldi baterako itxi eta bertako behargin guztiak aberriratuko duela esan du. Era berean, Kanadako indar bereziak diplomazialariak ateratzeko prestatzen ari dira.

Attaullah Afghan Helmandeko Lurralde Kontseiluko buruak esan duenez, Lashkargah hiria "erabat menderatu zuten bart talibanek, eta gaur goizean bandera zuria jarri dute gobernadorearen etxean; orain hiri osoa dago haien kontrolpean".

Firozkoh hiriari dagokionez, Fatima Kohistan Ghor eskualdeko diputatuak esan du bertako gobernadorea, segurtasun indar guztiekin batera, errepidetik ihes egiten saiatu zela, "baina talibanek ez zieten biderik eman, eta, azkenean, negoziazioen ondoren, hiria hustu egin zuten. Orain hiri osoa talibanen esku dago".

Bestalde, Malalai Ishaqzai diputatuak berretsi egin du Kandahar erori dela, eta matxinoen errebindikazioa berretsi du. Hala, ziurtatu du segurtasun indarrek hiritik alde egin dutela; ondorioz, gobernadorearen etxea, Poliziaren egoitza eta beste erakunde batzuk talibanen esku daude.

Dagoeneko 15 probintzia-hiriburu konkistatu dituzte talibanek astebetean, Nimroz, Jawzjan, Sar-e-Pol, Kunduz, Takhar, Samangan, Farah, Baghlan, Badakhxan, Ghazni, Herat eta Qala-e-Naw probintzietan gailendu ostean. Horrela, talibanek "etsaiari" eskatu diote "alferreko erresistentzia lehenbailehen amaitzeko gainerako probintzietan", sistema afganiar "garbia, islamikoa, sendoa eta inklusiboa" ezarri ahal izateko herrialdean.

Afganistango indarrek eta Gobernuak une kritikoa bizi dute talibanekin; izan ere, matxinoek lurraldearen erdia inguru kontrolatzen dute, eta horrek gatazkari irtenbide elkarrizketatua bilatzea zailtzen du. Bitartean, Gobernuak boterea partekatzea eskaini die talibanei su-etenaren truke.

Herrialdearen egoerak okerrera egin du azken hiru hilabeteetan, AEBko eta NATOko tropak erretiratzeko azken fasea hasi baita, eta Afganistango bake-negoziazioek ez baitute emaitzarik izan.

"Egoera larria da"

Mikel Ayestaran berriemailea Afganistango gerra jarraitzen ari da, eta esan du egoera "larria" dela. Adierazi duenez, talibanek Kabulen kontrola hartu nahi dute, eta gerra hiriburura iristear dago: "Talibanek kosta ahala kosta hartu nahi dute herrialdea, indarrez".

Mugak

Talibanen aurrera egitea geldiezina dela eta, mugak zabalik mantentzeko eskatu die Nazio Batuen Erakundeak Afganistanen inguruko herrialdeei. "Bizitza ugari daude arriskuan. ACNUR prest dago agintari eskudunei behar diren erantzun humanitarioak ematen laguntzeko", esan du agentziako bozeramaile batek.

Bestalde, Elikagaien Mundu Programaren arabera, Afganistango elikagai eskasia "nahiko larria" da, eta okerrera egiten ari da. Zentzu horretan, egoerak hondamendi humanitario baten ezaugarri guztiak dituela gaineratu du.

Albisteak (3)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)