Itxi

Lurrikara Haitin

Gutxienez 1.419 pertsona hil dira Haitiko lurrikararen ondorioz

Olatz Prat | EITB Media

Leer en Castellano

Horrez gain, gutxienez 6.900 herritar zauritu dira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Larunbatean Haitin izandako lurrikarak utzitako hildakoen kopurua 1.419ra igo da, astelehen honetan herrialdeko agintariek iragarri dutenez. 7,2 graduko lurrikara batek Haiti astindu zuen herrialdea, eta, hildako ugari eragiteaz gainera, gutxienez 6.900 herritar zauritu dira, Babes Zibilak argitaratutako balantzearen arabera.

Hildako gehienak (1.133) Hegoaldeko departamenduan zenbatu dituzte (Les Cayes du hiriburua); gainerakoak Grand'Anse (162), Nippes (122) eta Ipar-mendebaldeko (2) departamenduetan izan dira.

Ariel Henry lehen ministroak prentsaurrekoan esan duenez, jasotako laguntzak eta dohaintzak kalte handienak izan dituzten herrietara bideratu dituzte, Babes Zibilaren bidez eta Larrialdi Nazionaleko Operazio Zentroak gainbegiratuta.

"Ezohiko bilera egin dugu, egoera oso berezian. Ministroen Kontseilu honetan, gertaturikoa aztertu dugu, balantzea egin dugu eta gure beharrak ere aztertu ditugu. 2010ean egin genuena ez egitea erabaki dugu; orduk hartan, herrialdeak dohaintzak jaso zituen, eta funtsak erabili ziren, baina inpaktua aztertu gabe", azaldu du Henryk, 2010eko lurrikara aipatuta.

Oraingo lurrikara 7,2 gradukoa izan da; larunbatean gertatu zen, 12.29 GMT orduan, Saint-Louis du Sud hiritik 12 kilometrora, eta 10 kilometroko sakoneran izan zuen hipozentroa.

7,2 graduko lurrikararen ostean, inguruko herrialdeek, hala nola Dominikar Errepublikak, Mexikok, Kolonbiak eta Estatu Batuek, laguntza eta errefortzuak bidali dituzte hondakinen artean harrapatuta gelditu eta bizirik egon daitezkeen pertsonak bilatu eta erreskatatzeko.

Erreskate lanetan jarri dituzte indar guztiak; izan ere, Grace ekaitz tropikala, depresio tropikal bihurtu den arren, eurite eta haize gogorrak utzita pasatuko da Haiti gainetik astelehen gauean, eta horrek zaildu egingo du egoera, euriaren ondorioz luiziak gerta baitaitezke, Haitiko Babes Zibileko Agentziaren arabera.

Lurrikarak 13.000 etxebizitza suntsitu ditu eta beste horrenbeste kaltetu dira hegoaldean, lurrikarak zakarren astindu duen zonaldean.

Haitin 2010eko lurrikarak utzitako ondorioak nabaritzen ari dira oraindik. Orduan, 300.000 pertsona hil eta beste hainbeste zauritu ziren, eta 1,5 milioi pertsonari egin zizkien kalteak.

Horrez gain, Haitin, batetik, koronabirusaren pandemia eta atzeraldi ekonomikoa gainditu behar dituzte, eta, bestetik, uztailaren 7an Jovenel Moise presidentearen hilketa izan ostean sortutako krisi politikoari egin behar diote aurre.

Albisteak (1)

Bideoak (1)