Afganistan
Garaipena aldarrikatu eta amaitutzat eman dute talibanek Afganistango gerra
EITB MEDIA
Kaleak patruilatzen dituzten eta pertsonen mugimendua kontrolatzen duten matxinatuen presentziarekin esnatu da gaur herrialdea. Bitartean, milaka pertsona bertatik ihes egiten saiatzen ari dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Baradar Akhund mulak, Qatarreko matxinoen bulego politikoko buruak, Afganistango gerraren amaiera eta matxinoen garaipena aldarrikatu ditu. Ezusteko lorpena izan da, azkarra zeharo. Atzo, igandea, Ashraf Ghani presidenteak ihes egin ostean Kabul hiriburua hartuta, talibanen esku geratu zen herrialdea.
"Espero ez zen garaipena lortu dugu (...) umiltasuna erakutsi behar dugu Alaren aurrean", esan du talibanen buruzagiak herrialdearen konkistaren ostean egindako lehen adierazpen publikoan.
Talibanen kontrolpeko lehen egunean, Afganistango hiriburua eta herrialdearen zatirik handiena, kaleak patruilatzen dituzten eta pertsonen mugimendua kontrolatzen duten matxinatuen presentziarekin esnatu da. 2001ean estatubatuarren inbasioaz geroztik Afganistan talibanen kontrolpean dagoen lehen eguna da.
Baradarrek "probaren unea" dela esan du. Orain da garaia, gure jendea nola zerbitzatzen eta babesten dugun eta etorkizuna nola ziurtatzen dugun erabakitzeko, ahalik eta bizimodu onena eskaintzeko", adierazi du.
Bitartean, milaka pertsona herrialdetik ihes egiten saiatzen ari dira. Bertako hedabideek zabaldu dituzten irudietan, milaka lagun ikus daitezke, izu-ihesean Kabulgo aireporturantz, nahiz eta hegaldi komertzial gehienak bertan behera geratu diren eta aireportuko segurtasun ahulagatik ohartarazpenak egin dituzten.
Hain zuzen ere, goizaldean amaitu da AEBk Kabulgo enbaxadako 4.000 langile aireportura lekualdatzeko prozesua.
Testuinguru horretan, NBEko Segurtasun Kontseiluak premiazko bilera egin du, egoera aztertzeko; bertan, Nazio Batuen idazkari nagusi Antonio Guterresek batasuna eskatu dio nazioarteko erkidegoari, Afganistanen giza eskubideak babestu ahal izateko, eta saihesteko, halaber, herrialdea berriro ere terrorismorako babeslekua izatea: "Aho bakar batez hitz egin behar dugu Afganistanen giza eskubideak defendatzeko, esan du Guterresek.
António Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak talibanei eta krisian parte hartu duten gainerako aldeei eskatu die "neurriz jokatzeko, bizitzak babesteko eta behar humanitarioei erantzun ahal izatea bermatzeko".
Mundu osoko 70 herrialdek "Afganistan osoan aginte karguak dituztenei" eskatu diete Afganistango herritarrei eta nazioartekoei Afganistandik modu seguru eta ordenatuan irteteko aukera eman diezaietela. "Afganistan osoan botere- eta aginte-postuak betetzen dituztenak giza bizitzak eta ondasunak babestearen eta segurtasuna eta ordena zibila berehala berrezartzearen erantzuleak dira", azpimarratu dute ohar batean.
Kabul talibanen esku
Talibanek herrialdeko boterea eskuratu dute Kabulen sartu ondoren. Hasieran esana zuten ez zirela hirira sartuko botere-trantsizio bat gertatu arte, baina, igandean segurtasun-indarrek eta Ashraf Ghani presidenteak ihes egin ondoren, Kabulen kontrola hartu dute matxinoek, "balizko lapurretak eta harrapaketak saihesteko".
Afganistango presidenteak esan du herrialdetik alde egitea erabaki duela "odol isurtze bat" saihesteko, eta hori lortu duela esan du, oztoporik topatu gabe hartu dutelako talibanek hiriburua. Ghaniren arabera, "erabaki zaila" izan da: Presidentetza Jauregian sartu nahi zuten talibanei aurre egin edo "bere bizitza eta azken hogei urteak eskaini dizkion" herrialdetik atera.
Azkenean, matxinoek Presidentetza Jauregian sartzea lortu dute, baina Ghanik uste du "giza hondamendi handia" saihestu duela, hainbat milioi biztanle dituen hiri horretan gotortzearen alde egin ez duelako.
Iturri ofizialek eta lekukoek The Washington Post egunkari estatubatuarrari baieztatu diotenez, talibanak posizioak hartzen hasi ziren igande honetan, hiriburuaren kanpoaldean, baina euren kupulak indarrez sartzeari uzteko agindu zien borrokalariei.
Hala ere, eta hiriburuan indarrez sartzeko aukeraren aurrean, taldeko arduradunek "Kabulgo ateetan jartzeko eta hirian sartzen ez saiatzeko" agindu zieten euren indar guztiei, "odol isuria saihesteko, negoziazio prozesu bat hasi arte, hiria hartzeko".
Hala ere, presidentearen eta segurtasun indar guztien ihesaren aurrean, tropa matxinoak Afganistango hiriburuan sartu dira.
Boterearen transferentzia
Horrela, talibanek Afganistanen kontrola lortu dute, eta herrialdeko agintariek Koordinazio Kontseilua iragarri dute "botere transferentzia baketsua" kudeatzeko.
Kontseilu hori honako hauek osatuko dute: Hamid Karzai Afganistango presidente ohiak, Abdula Abdula talibanekin izandako bake-elkarrizketetan Afganistango Gobernuaren negoziatzaile buruak eta Gulbuddin Hekmatyar Hezb-e-Islamiko buruak, Sobietar Batasunaren aurkako gerran izan zen muyahidin handienetako bat.
Erakunde horren egitekoa da "kaosa prebenitzea eta jendearen sufrimendua" murriztea, "bakearekin eta boterearen transferentzia baketsuarekin lotutako gaiak hobeto kudeatzeko".
Abdulak, Adiskidetze Nazionalerako Goi Kontseiluko buru ere denak, lasaitasun mezua igorri du gaur arratsaldean, eta "egun hau eta herriarentzat hain zailak diren gaua" laster igarotzea eta jendeak "bake egunak" ikustea espero du, Tolo News Afganistango telebista kateak jasotako bideo baten arabera.
"Ahaztutako" herrialde baten kolapsoa
AEBetako eta NATOko indarrek erretiratzearen azken fasea hasi eta gutxira kolapsatu zuen Afganistanek, maiatzean; une horretan, indar biek base militar guztiak afganiarren esku utzi zituzten.
Duela aste batzuk, gainera, Ghanik Washingtoni egotzi zion herrialdearen krisia. Izan ere, deitoratu zuenez, egungo egoera nazioarteko tropen irteera bortitzaren eta AEBek bultzatutako, eta "teoria heldugabeetan" oinarritutako, bake- eta adiskidetze-prozesuaren emaitza da.