Itxi

Afganistan

Talibanen garaipenak kaosa piztu du Kabulgo aireportuan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gutxienez sei lagun hil dira Afganistango hiriburuko aireportuan. Talibanek igande gauean hartu zuten hiria, eta milaka herritar saiatu dira herrialdetik ihes egiten, desesperatuta.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Afganistango gerrak bi hamarkada iraun du, eta, azkenean, talibanak nagusitu dira, talibanek euren zabaldutako mezu batean aldarrikatu dutenez. Garaipen horrek kaosa piztu du Kabul hiriburuko aireportuan astelehen honetan; bertan, hainbat lekukoren arabera, gutxienez sei pertsona hil dira, milaka herritar herrialdetik ihes egiten saiatzen ari ziren bitartean.

Baradar Akhund mullahek, talibanek Qatarren duten Bulego Politikoaren nagusiak, mezu bat eman du, bideo bidez, astelehen goizaldean; bertan, Afganistango gerra amaitu egin dela adierazi eta garaipena matxinatuek eskuratu dutela esan du: "Espero ez zen garaipena lortu dugu; umiltasuna erakutsi behar dugu Alaren aurrean". Herrialdea konkistatu ostean talibanen buru batek egindako lehen adierazpen publikoa izan da.

Ameriketako Estatu Batuek 2001ean inbaditu zuten Afganistan, eta, ordutik, astelehen honetan egon da herrialdea lehen aldiz talibanen kontrolpean. Baradar Akhunden esanetan, "proba-garaia" da: "Ahaleginduko gara aztertzen nola emango diogun zerbitzua gure jendeari, nola babestuko dugun, eta nola ziurtatuko dugun herritarren etorkizuna. Helburua da bizitza ona eskaintzea, ahalik eta onena".

Talibanek igande gauean hartu zuten Kabul, indar nazionalek aurka egin gabe. Astebete baino apur gehiago behar izan dute bertako probintzia ia guztiak euren esku hartzeko; lorpen horrek ez du aurrekaririk, eta AEBko eta Ipar Atlantikoko Tratatuaren Erakundeko tropen atzera-egitearen azken fasea baliatuta gauzatu dute. Hain zuzen, maiatzaren 1ean hasi zen azken fase hori.

BIDEOA | Nortzuk dira talibanak eta zer egin nahi dute Afganistanen?

Nolanahi ere, matxinoek ez dute zehaztu, oraingoz, nolakoa izango den trantsizio-prozesua, ezta agintea hartzeko prozesua ere.

Emakume oso gutxi, kalean

Bitartean, Kabulen, herritarrak aurrera egiten jarraitzen ari dira. Isiltasuna da nagusi kaleetan, eta talibanak egoera kontrolatzen ari dira. Nabarmentzekoa da oso emakume gutxi dabiltzala; bulegoetako emakumezko langileak eta emakumezko unibertsitate-ikasleak, besteak beste, ez dira kalera atera.

Etxean geratu dira, beldur direlako erregimen talibana itzuli ondoren; izan ere, erregimen horren zigorrak basatiak dira, eta emakumeek zapalkuntza pairatzen dute.

BIDEOA | Talibanen itzulerarekin emakume afganiarrak duela 20 urteko egoerara itzultzeko kezka handitu da

Afganistango presidente Ashraf Ghanik igande gauean ihes egin zuen herrialdetik, eta gerora hartu zuten talibanek hiriburua. Milaka herritar joan ziren Kabulgo aireportura, bertatik aterako zituzten hegazkinetan sartzeko asmoz.

Gehienak desesperatuta dauden zibilak ziren. AEBko Gobernua herrialdean dituen langileak bertatik ateratzen ari da, eta milaka afganiar aireportura joan dira uste zutelako aukera hori bera izango zutela. Gutxienez sei pertsona hil dira aireportuko kaosean, taliban bat tartean.

Albisteak (3)

Bideoak (5)