Haiti
Dagoeneko 2.207 pertsona hil dira Haitin, joan den asteko lurrikaragatik
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gainera, 344 desagertu eta 12.268 zauritu daude, azken balantzearen arabera. Kalte materialei dagokienez, 52.923 etxe erabat suntsituta daude.
Abuztuaren 14an Haitin izan zen lurrikararekin lotuta 2.207 pertsona hil dira, Haitiko Babes Zibilak igande honetan jakitera eman duenez. Gainera, 344 pertsona desagertuta daude oraindik, eta 12.268 lagun zaurituta, azken balantze ofizialaren arabera.
Kalte materialei dagokienez, 52.923 etxe erabat suntsituta daude, eta ageriko kalteak dituzten beste 77.006 etxe zenbatu dituzte. Bien bitartean, nazioarteko laguntza iristen ari da herrialdera, bidetik hondakinak kentzeko lanetan ari diren erreskate-taldeen bitartez.
Alabaina, laguntza herrialdean badago ere, zaila da banaketa lortzea, lurrikarak kalte handiak eragin baititu errepideetan eta zubietan. Gainera, eskualde batzuetarako sarbidea kontrolatzen duten talde kriminalak daude.