Itxi

Afganistan

Biden, atentatuen egileei: "Zuen atzetik joango gara eta egindakoa ordainduko duzue"

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Joe Bidenek Kabulgo aireportuan hildako militar estatubatuarrak izan ditu gogoan eta "heroiak" direla adierazi du. Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoen ardura.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Dozenaka herritar afganiar eta hamarretik gora soldadu estatubatuar hil dira Kabulgo aireportuan ostegun honetan izandako erasoetan. Egunaren hondarrean egindako agerraldi publiko batean, Joe Bidenek azpimarratu du Ameriketako Estatu Batuek ez dutela gertatutakoa ahaztuko, ezta barkatuko ere.

"Zuen atzetik joango gara eta egindakoa ordainduko duzue", agindu du erantzuleei zuzenduta. Estatu Islamikoak hartu du bere gain atentatuen ardura.

Halaber, erasoan hildako soldaduak "heroiak" direla esan du eta abuztuaren 31 arte AEBk ebakuaziok egiten jarraituko dutela berretsi du.

Bestetik, presidenteak herrialde asiarrean gertatu den guztiaren ardura bere gain hartu du: "Neurea da azkenaldian gertatu den guztiaren ardura. Hau da aurreko presidenteak (Donald Trump) talibanekin egin zuen tratua, maiatzaren 1a baino lehen -gero Bidenek aldatu zuen data- indar estatubatuar guztiak Afganistandik atzeratzekoa". 

Presidenteak azpimarratu du, "inoiz" ez duela ontzat eman Afganistanen gobernu demokratiko bat ezartzeko estatubatuarren biziak sakrifikatzea, are, "Afganistanen inoiz ez direnean elkar hartuta joan". 

Horren harira, Washingtonek Afganistanera iristean Al Kaida "berpiztea" saihestu nahi izan zuela gogorarazi du, nahiz eta orain AEBk "beste herrialde batzuetatik datozen mehatxu handiagoak" dituen, "herrialdetik askoz gertuago".

"Jaun-andreok, 20 urteko gerrari amaiera emateko ordua da", esan du nazioarteko tropen erretiratzearen defentsan.

Albisteak (1)

Bideoak (1)