Exekutibo berria Afganistanen
Hasan Ajund, talibanen gobernuburu, eta Abdul Ghani Baradar, lehen ministrorde
Agentziak | EiTB Media
Ajund azken Gobernu talibanaren lehen ministro izan zen, 2001ean AEBk herrialdea inbaditu baino lehen.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Mohammad Hasan Ajund mullahk zuzenduko du talibanen behin-behineko Gobernua. Bitartean, Abdul Ghani Baradar mullah, talibanen buruzagi politikoa, lehen ministrorde izango da, Afganistango komunikabideek jakitera eman dutenez.
Ajund azken Gobernu talibanaren lehen ministro izan zen, 2001ean AEBk herrialdea inbaditu baino lehen. Hibatula Ajundzada mullah, talibanen buruzagi gorena, aldiz, ez da Exekutiboaren zerrendan agertzen.
Sarayudin Haqqanik, Haqqani Sarearen buruzagiak, Barne Ministerioa hartuko du. Talibanen aliatu nagusia izan da, boterera eraman dituen kontraerasoan.
FBIk Haqqani harrapatu nahi du, "2008an Kabulgo hotel baten aurka egindako atentatuaren inguruan galdekatzeko; sei pertsona hil zituzten eraso hartan, estatubatuar bat tartean".
Era berean, 2008an Hamid Karzairen aurkako eraso saiakeran parte hartzea egotzi diote. Horregatik guztiagatik, FBIk bost milioi dolar eskaintzen ditu, Haqqani harrapatzeko edozein informazioren truke.
Omar buruzagi historikoaren semea, Defentsa ministro
Yaqub mullah, Omar buruzagi taliban historikoaren semea, Defentsa ministroa izango da, eta Abdulsalam Hanafi izango du bigarren. Qari Fasihuddin Armadaren estatu nagusiko buruzagi izendatu dute. Panjshir probintziaren azken erasoaldiaren arduraduna izan da.
"Gure herrian bagenekien jendea Gobernu berri baten zain zegoela", adierazi du Zaibhula Muyahid talibanen bozeramaile nagusiak prentsaurrekoan.
"Gobernu anitza da", azpimarratu du Muyahidek, talde etniko eta profil ezberdinak ordezkatzen dituelako, nahiz eta Exekutiboan emakumerik ez izan.
"Ez gara indar tribala", esan du. Aldi berean, AEBrekin harreman onak izateko asmoa agertu du. "Munduko herrialde guztiek gure Gobernuaren eta erregimen islamikoaren zilegitasuna aitortzea espero dugu", nabarmendu du.
Hedayatula Badri Ekonomia ministroa izango da, eta Amir Jan Muttaqik Atzerri Ministerioa hartuko du, Sher Mohammad Abbas Stanekzai ministrorde duela.